lunes, 28 de febrero de 2011

MONTERRONGO JAUREGIA EZ ZEN JATORRIAN KONDEENA IZAN



Pedro Bernardo de Villarreal de Berrizi buruz idatzi nuen nire aurreko batean, gure ingeniaria arrasatear gizarteko goi mailako sendi batean jaio zela. Zehatzago, haren ama María Saez de Andikano zen, tituluen artean -besteak beste- Austriako Margarita Enperatrizaren Azafata. Margarita, Carlos II espainiar erregearen arreba zen. Eta hain zuzen ere, bere aldetik, María Saez de Andikano Juan Andikano Zelaa Monterrongo lehen Kondearen arreba zen. Konde titulua Carlos II-ak 1689an egindako izendapenarengatik eman zitzaion Juan Antonio Saez de Andikanori. Ikusten denez, “andikanozelaarrek” goi jotzen zuten madrildar gortean.
Bide bertsutik, esan daiteke Pedro Bernardo Uribarriko elizan izan zela bataiatua, 1669ko maiatzaren 26an; eta bere abizenei dagokienez, agertzen da: Villarreal-Ganboa Andikano.
Baina gaurko nota hau idaztera jarri banaiz, beste arrazoi batengatik da: egun Monterrongo Jauregia ezagutzen duguna ez zen bere jatorrian Kondeena izan. Beste arrasatear ospetsu batek eraiki zuen: Mateo Aranguren Unzueta kapitaina, indianoa. Kapitain honek, Musakolako izen bereko baserriaren jatorriaz, 1655ean jaso zuen Zarugaldeko jauregia, hain justu goian aipatutako María Saez de Andikanorekin 1648an ezkondu ondoren, emaztearen lehen ezkontzan.
Juan Sez de Andikano Zelaa lehen Kondeak, Herriko Plazan zeukan bere etxea, hain zuzen egun behean Kajoi taberna duena. Etxeko galerien entramatuak erdi ezkutatuta, fatxadan Andikano-Zelaa eta Loiola-Irazabal sendien armarriak ikusten dira oraindik.
Zarugaldeko Jauregian bizi ziren arangurendarrei Monterrongo Kondearen titulua XVIII. mendean heldu zitzaien, Arrasaten 1762an jaiotako Santiago Elias Aranguren Alavari egokitu zitzaiola, ordurarteko kondea oinordeko zuzenik gabe hil zenean.
Eta ordudanik, Zarugaldeko Jauregia Monterron Jauregia izatera pasatu zen.

Alderantziz irudi daitekeen arren, gaurkoa ez da “gizarte-oihartzun” horietako bat, Juan Karlos Guerra zenak 1928an argitaratutako bere “Ensayo de un Padrón Histórico de Guipúzcoa (según el orden de sus familias pobladoras)” liburutik ateratako datuen azalpen txiki bat, baizik.
Guerrak ez dioena, ordea, da, Santiago Elias Aranguren Monterrongo Kondea eraila izan zela, 1816/11/17an, Arrasateko alkatea zenean. Hiltzaileak Ignacio Uribesalgo eta Santiago Nuarbe izan ziren. Bost urte geroago, absolbituak izan ziren.
Argazkia: Indalecio Ojanguren. http://www.guregipuzkoa.net