miércoles, 20 de julio de 2011

DRAGOIAK BATAILOIA



Azken gerra zibilaren sorreratik aste honetan hirurogeita hamabost urte betetzen ari dela, interesgarria iruditu zait Dragoiak Batailoiari buruzko aipamen bat egitea, eskuetaratu zaizkidan argazki batzuk aitzakia hartuta. Erretratuen kalitatea ona ez bada ere, gerra madarikatu hartan euren ilusioa –eta askotan bizitza- erre zuten gizon haien oroipenean baliagarri gerta daitezkeelakoan nago eta bitez, beraz, horretarako.

Gerra zibilak eztanda egin zuenean, Arrasatetik faxistei aurre egiteko atera zirenak, gehien bat, EAJ eta PSOE alderdietako militanteak ziren, edo behintzat hurbilak. Francoren indarrek Arrasate eta Gipuzkoa osoa 1936ko irailean hartu ondoren, batailoiak osatu ziren, estu-estu identifikatuta alderdien programekin, eta Arrasateko sozialista asko –diotenez, 200 bat izatera heldu zen- Dragoiak zeritzan batailoian alistatu ziren. Batailoiko konpainia bat osatu zuten arrasatearrek.

Dragoiak Batailoiak Bizkaiko frontean borrokatu zuen batez ere, eta liskar haietan kide ugari galdu zituen.


Behin diktaduraren garroetatik libratuta, bizirik zirauten gizon haietako batzuk bildu egin ziren Arrasaten bertan, borrokan eroritakoak gogoratzeko. Ordukoak dira bi argazkiak, eta lagun batzuk identifikatu ahal izan ditut. Norbaitek zuzendu nahi balit edota falta den izenen bat eman nahiko balu, eskerrik asko, aldez aurretik.


1.argazkia: Goitik hasita, ezkerretik eskuinerantz: Juan Okina, Avelino Abarrategi; Tomas Ruiz de Alegria, Jose Aperribay, Gabino Aranburu, Eugenio García, Felix Oroiz; Senen Gordejuela, Valentin Tristan, Fermin Arabaolaza, Miguel Mentxaka, Fausto Iturri, Jose Riviere; Carlos Egidazu, Santiago del Valle, Felipe Vitoria eta Serapio Urretxu.


2. argazkia: Goitik hasita, ezkerretik eskuinerantz: Jose Aperribay, Avelino Abarrategi, Gabino Aranburu, Eugenio García, Felix Oroiz, Luis Martinez, Gabino Aranburu, Atilano Ramos, Jose Zeziaga, Bixente Ferrer, Gregorio Azkoaga; Fausto Iturri, Jose Riviere, Teodoro Garcia, Jose Agirrebengoa, Antonio Casado; Serapio Urretxu, Zosimo Olmedo, Francisco “Kiko” Tristan, Luis Balanzategi.

miércoles, 13 de julio de 2011

TELLAMENDIKO GURUTZEA BERRIRO ZUTIK 1977an


Uztailaren 17an 34 urte beteko dira Telamendiko gurutzean ekitaldi ederra burutu zela. Hain zuzen, 1977ko egun hartan, aramaixoarrok eta kanpoko jende asko bertaraino igota, 1935etik bailarari begira ageri zen gurutzeari ohore egin zioten. Zer zela-eta?
Gertatu zen, 1977ko urtarrilaren lehenean guardia zibilek gurutzea bere oinetik atera zutela lehergailu baten bitartez. Eta herritarron ekimenez martxoaren 5ean ostera jaso zen bere tokian. Baina berriztapenaren inguruko ekitaldia uztailaren 17an egin zen.
 
Istorioak, diodan bezala, 1935ean du hasiera. Urte hartako abuztuaren 9an idazki bat bidali zuen Jose Mari Azkarraga “Lurgorri”k Udaletxera, beraren eta zenbait auzokideren izenean. Idazkian, Tellamendin gurutze bat jasotzeko baimena eskatzen zuen. Eta, baiezkotan, abuztuaren 25erako iragartzen zuen inaugurazio eta bedeinkapenaren ekitaldia. Horretarako egitarau aproposa planteatzen zion Udalari:
“Goizeko 9´30etan, Meza abestua Andra Mariko baselizan; 11´15etan bedeinkapena Tellamendiko tontorrean; hitzaldiño batekin, “Lurgorri”k berak eskainia; 13etan, bazkaria Andra Mariko zelaian; 16etan Aramaioko ezpata dantzari beteranoek eta gorulariek eskainitako saioa; jarraian, erromeria, ilundu arte
Bi egun beranduago Udalak onartu egin zuen eskabidea. Une haietan, EAJren zinegotziak 1934ko abuztutik zigortuta zeudenez gero –Kontzertu Ekonomikoaren alde egiteagatik- Alberto Unda zen alkatea, eta zinegotziak Valentin Lasaga eta Juan Bengoa. Idazkaria, berriz, Simon Landa.
Gerra piztu zen 1936an eta Aramaiora ere haize berriak iritsi ziren. Valentin Lasaga alkate zelarik, 1939ko abuztuan Udalak agindu zuen “quitar una placa de la Cruz de Tellamonte escrita en vascuence” Idazkari berria Constancio Fernandez zen.

Plaka hark honela zioen: “AGUR. Belamendiko gurutz deuna. Aretxabaletan egin eta aramayotarrak jasorikua. Zabaldu egizu ibar onetan gizarte pakea eta zoriona. JEL. 1935gko. Irailaren 15n” Plaka Eibarko Peli Larrañagak eskaini zuen. Hain zuzen, Jose Mari Azkarraga eta Peli Larrañaga frankistek 1937an fusilatu zituzten, Larrinagako kartzelan; “Lurgorri” abenduaren 16an eta Peli 17an.
Argitu behar da, 1935ean ezin izan zutela, iragarrita zegoen bezala, eguraldiaren arrazoiengatik gurutzea inauguratu, irailaren 15era arte.
Berrogeita bi urte geroago, 1977ko urtarrilaren lehenean aramaixoarrok gurutzea haizetik ikusi zuten, guardia zibilek lehertuta. Orduko alkateak, Julian Unzueta, atentatu horren gaineko azalpenak eskatu zizkien Legutianoko kuartelekoei. “Bai, gu izan gara” erantzun zitzaion.

Egun hartako udal plenoan, besteak beste, “Gurutzea lehen bait lehen bere tokian berrezartzea” erabaki zen. Hala egin zuen aramaixoar talde batek, martxoaren 5ean.
Inaugurazioa, berriz, uztailaren 14an izan zen. Eguraldi zoragarriak lagun ehundaka lagun bildu ginen, askatasun eta bakearen ikurra izan nahi zuen gurutzeraino.
===========..===========
  1. Argazkia: Gurutzea 1935ean ipini zuen lagun taldea: Ormaetxea anaiak (Ramon, Imanol, Benito eta Luziano) Julian Zilaurren, Antonio Plazaola, Zirilo Mondragon, Pedro Juarez, Ignazio Kortabarria eta Jose Mari Azkarraga “Lurgorri”
  2. Argazkia: Gurutzea birjasotzen, 1977ko martxoaren 5ean
  3. Argazkia: Gurutzea, bi plakarekin.
  4. Argazkia: Meza, 1977ko uztailaren 17an

Ez dut lortu ahal izan, guardia zibilek leherkaia ipini zuten unean ateratako argazkirik
. 

Jose Mari Azkarraga “Lurgorri”ri buruz gehiago irakurri: http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/mono/lurgorri/00005095.pdf

Argazkiak: JMVM

miércoles, 6 de julio de 2011

JUANITO VEGA, ARRASATEKO IGERILEKUKO ARDURADUNA


Uztaileko beroak bainu hartzera gonbidatzen gaitu. Dena den, aurrera baino lehen diodan ez naizela oso bainu zalea, ez behintzat hondartzan edo igerilekuetan. Donostian bizi izan nintzen bost urteetan eta Gipuzkoako hiriburuan lanean aritu izan naizen hamaseietan nekez kontatuko zaizkit La Kontxan eginiko dozena erdi bat bainu-aldi.. Eta Uribarri-Ganboako uretan ere –mende erdi luze horien bazterretan- ezagutu nahi nuke zenbat izan diren nire murgilketak! Bi digiturekin nahikoa izango nuke.

Baina ez naiz beti orain bezain lehor zale izan. Izan ziren garaiak, Arrasateko igerilekua ia egunero erabiltzen nuela, uztailean batez ere. UCEMen sasoi onak ziren, 1960 ingurukoak, arrasatear gehienok aprobetxatu genituenak, eskura ipintzen zitzaizkigun abantailez baliatuta. Horietako bat Zaldispeko igerilekua zen, gizakumeontzat bakarrik irekia. Toallan bildutako bainujantzi eta txanoa beso azpian hartuta, murgil egitera zuzentzen ziren gure urratsak, inbidiaz begiratzen ziguten emakumeen amorrurako. Moral hertsiko ondorio ulergaitzak, gaur eguneko begiekin aztertuta!

Eta bainu aldi haietaz oroitzen naizen guztietan, izen propio bat etortzen zait gogora: Juanito Vega. Bera zen gure erreferenterik nagusienetakoa udako hiletan. Juanitoren esku zegoen igerilekuan ordubetetxo bat ala gehixeago aritu ahal izatea... Eta ahaleginak egiten genituen denok gizon haren borondatea irabaztearren.

Gaur txoko honetara ekarri nahi izan dut Juanito Vega, arrasatear askok oroituko baitu oraindik gizon hura, aurten gugandik hogeita hamasei urte betiko joan zena.

Juanito 1917ko abuztuaren 29an jaio zen Arrasaten. Aita Valladolidekoa eta ama nafarra zituen. Guretzat ezagun egiten hasi orduko Unión Cerrajeran ari zen lanean, biltegian. Baina lehen Cometal izeneko burdindegi-enpresan ihardun zuen, hain justu, igerilekuaren atze aldeko eraikinean, gero Eskola Politeknikoa eta gaur egun ospitalea izango zena. Etxebizitza ere lantegiaren ondoan zeukan Juanitok.

Unión Cerrajerak 1948ko uztailaren 24an inauguratu zuen igerilekua baina Juanitok artean Cometalen ziharduen. Beraz, ez zen igerilekuko lehen arduraduna izan. Vega 1951an hasi zen UCEMen beharrean eta orduantxe eskaini zioten udako hileetan igerilekuko ardura bere gain hartzea. Ordudanik eta bere heriotzara arte Juanito izan zen igerilekuko irudi zentrala. Egiazko giza-instituzioa. Iragan ekainean, beraz, Juanito gure udetan orduak markatzen hasi zela hirurogei urte bete dira.


Ziur nago, “piszina”tik igaro ginen denok dugula Juanitorekin gertatutako anekdotaren bat kontatzeko. Nik gaur ez dut niri jazotakorik azalduko, Juanitori berari baino.

UCEMen sartu berria zen, eta artean igerilekura lantegiko gizonak eta langileen semeak bakarrik sar zitezkeenez gero, aurrerantzean bere semeak –Agustin eta Juan Pedro lau urteko bikiak- eraman ahal izango zituela adierazi zitzaion. Sasoiko lehen egunean hara eraman zituen bi semeak, igerian erakutsi ahal izango zielarik. Bikiak uretara sartu zirenean... mutikoek igerian arrainak bezala zekitela ikusi zuen Juanitok. Hura ustekabea! Nola zen posible? Umeak estutu eta aitortu egin zioten, igerilekuaren atze aldeko burdin hesitik salto egiten zutela gauez. Eta igerian ez ezik baita tranpolinetik botatzen ere ederki zekitela erakutsi zioten, ahoa bete hortz geratu zen aitari.

Juanito Vega Arrasateko pertsonaiarik ezagunenetakoa izan genuen mende laurden batez, bere nolakotasunak igerilekuan erakutsi zizkigularik. Izaera bizikoa azalean –haiek ziren errietak!- bihotz handikoa genuen, umeekin -goiko argazkian Edurne Arana bilobarekin ageri da- eta nagusiekin. Bihotzak eztanda egin zion 1975eko urtarrilaren 13an.


Argazkiak: Maritxu Vega