jueves, 29 de septiembre de 2011

ROSALIA ORMAETXEA TROJAOLA, ARAMAIOKO EMAGINA






Rosalia 1935ean


Emagina izan zen Aramaion eta gutariko asko haren eskuetan iratzarri ginen bizitzara. Rosalia izena aipatzea nahikoa da –berrogei urtetik beherakoak salbu, noski- aramaioarrek emakume prestu eta langilearen irudia gogoratzeko.


Udal lanetan herriko emagin bezala 1935eko maiatzaren 2an hasi zen, sei ehun pezetako soldatarekin, hiru hilez behin kobratzeko, behin aldia eman ondoren. Titulu ofiziala Valladolideko Unibertsitatean atera zuen, 1934ko abenduaren 18ko data duen diploman irakur daitekeen bezala. Egun batzuk lehenagokoa da, praktikante izateko gaitasuna eskaintzen zion titulua. Garai hartan Rosaliak 27 urte zituen.




Valladolideko ikaskide eta irakasleekin. Hirugarrena ezkerretik, 2gn lerroan
Lanari, ordea, bi hilabete lehenago ekin zion. Eta hori dakigu, lanean hasteaz bat Rosaliak koaderno bat ireki zuelako, atenditzen zituen kasu guztien zehaztasunak jartzeko. Eta lehen erditzearen data, 1935ko martxoaren 8koa da; egun hartan, Saturralde baserriko andreak umetxo bat erditu zuen: Jesus Mari Elexalde, urte batzuk geroago Aramaioko erretore izateaz gain historiegile eta herriko seme kutuna izango zena.





Niri dagokidan apuntea
  

Zenbat erditze izan ziren, 1967ko abuztuaren 19ko azken apuntera arte? Zirkulua ixtearren esan dezaket, azken zerbitzua Paulotxoko baserrian bizi zen Pura Vinagrerentzat izan zela. Gure amei eskainitako laguntzaz jaio ginenon gaineko lehen datuak Rosaliaren koadernotxoetan aurki ditzakegu. Hor dituzue, niri dagozkidanak,  duela 62 urteko irailaren 27an izkiriatuta.








Emaginaren titulu ofiziala

Rosaliak eten egin behar izan zuen bere betebeharra, hain zuzen ere 1937ko martxoan, faxistak Aramaiora sartu zirenean. Baina 1940an herrira itzuli ahal izan zuen, eta lanari berrekin zion, modu ez ofizialean karguari dagokionez, egoera politiko berriak ezabatu baitzuen emaginaren eskubidea. Hala ere, udal agintariak Rosaliaren zerbitzuaren ontasunaz jabetuta, nonbait, irregulartasun administratiboan segitu ahal izan zuen erizainak, harik eta udal kargua berreskuratzea exigitu zuen arte.


Horrela, 1947ko martxoaren 17an, udal praktikantearen ordezko lanetarako lanpostua eskatuz  Rosalía Ormaetxearen eskabidea irakurri zen Udal plenoan eta  korporazioak aho batez onartu zuen Rosaliaren aldeko informeak igarotzea lurraldeko administrazioari. Eta ondorioz, Arabako Osasun Zerbitzuak behin-behingoz ontzat eman zuen eskabidea 1948 ekainaren 18an, une haietan egiten ari zitzaion depurazio-txostenak esango zuenaren zain. Azkenik, 1949ko azaroaren 30ean modu ofizialean izendatu zen Rosalia, Etxe-Laguntza Publikoko Aramaioko Praktikantea.

Historia dokumentuetan jaso behar da, espekulatuko ez bada. Rosalia Ormaetxeak, oharkabean ere, historia apur bat idatzi zuen bere apunteetan. Aramaioar mordo batek jakin dezake apur bat gehiago bere buruaz, Rosaliak utzitako koaderno  horiei esker.



Argazkiak: Maria Jesus Altuna Elexpuruk utzita.
 
 

jueves, 22 de septiembre de 2011

PEDRO VITERI ETA BERE EKARPENA GOGORATUZ


 Pedro Viteri zenari eskainitako monumentuak oso egoera txarrean dagoela salatu izan da berriki, eta hala da. Arrasateko kultura eta hezkuntza-mezenasek gure herrian utzitako ondareren azken aztarnak poliki-poliki desagertzen ari zaizkigun uneotan pentsatu behar dugu, behintzat kontsolamendurako zirrikituren bat utzi behar dugu-eta, haren bitartez ereindako haziak oraindik ere uzta ematen duela, eta altxor inmaterialaren jarioak bizirik segitzen duela.

Aukera izan dudan guztietan defendatu dut hezkuntza sistemaren askatasuna, edozein herriren garapena prestakuntzaren zutabeetan sustatu behar dela konbentzituta. Pedro Viterik horren gisako sentimenduzko erakusleak utzi zituen han eta hemen barreiatuta eta maiz aitortu dut XX. mende osoko eta baita gaur eguneko arrasatear garapenaren sustraietan Viterik ipinitako hazia antzeman daitekeela. Viterik adierazi zuen izpiritutik zuzenean edan zutenak betiko joan baziren ere, haien ondorengoek garbi asko utzi zuten arrastoa arrasatear belaunaldi gazteagoetan, gureganaino iritsiz.  

Aspaldi lurreratu zuten Viteriren obra hoberen adierazten zuen eraikina. Modernitateak bestelako argazkiak behar bide zituen!

Eraikin hartatik igarotako ehundaka arrasatear gazteren izpiritua, ordea, oraindik ere bizirik dagoela esango nuke. Bitez lerro haiek omenaldi txiki bat, Viteri Fundazioaren sorburutik maisu izandako Felix Aranorentzat. Eta, noski, haren lekukotasuna gure egunetaraino heltzerik posible egin duten argazkiko herritarren moduko guztientzat.

Irakaslearekin dauden ikasleak honako hauexek direlakoan nago. Goiko ilaratik hasita eta ezkerretik eskuinera: Luis Ibañez de Opakua “Txomin Txiki”, Ugarte “Goiru”, Jose Letona, Pio Altuna “Txaparro”, Modesto Leibar “Txanpon”, Felix Balanzategi, Roman Etxebarria “Arkauz”, Javier Berezibar “Montxon”, Paco Gonzalez “Listero”, Gregorio Gorosabel, Angel Arana “Txako”, Felipe Abarrategi “Mardo”, Ricardo Herrero, Jose Arizaga “Txanbolin”, Jose Jauregi, Jose Mª Armengou, Berezibar “Montxon”, Damaso Azkoaga “Garbantxo”, Jesus Barrena, Angel Zeziaga, Jesus Trincado, Beltran, Carlos Garro, Juan Etxebarria. Eta maisua, noski, Felix Arano.


 Argazkian Aranoren eskuinean dagoen mutikoa Jesus Trincado da. Beraren gaineko bizitza argitaratu nuen “Bizi izan juat” liburuan, 2000 urtean. Handik ateratzen dut ondoko zatitxoa, hain zuzen ere argitaratu gabe daukadan espainierazko bertsiotik eskuratuta. Trincado 1908an jaio zen eta argazkia atera zutenean 10 urte inguru izango zituen.Trincadok dio:

“De la Escuela Vieja pasamos a la de Txorta, la escuela dirigida por Elías “Txorta” Aspiazu, pero para cuando yo ingresé el nuevo responsable era Francisco Urrutia. No parece que hice ningún progreso notable, pues mi padre habló con D. Félix Arano, de la Escuela Viteri, para que me admitiera en su centro. Don Félix era, sin duda, el profesor más célebre. Nos hacía leer el Quijote de Cervantes, así como las fábulas de Samaniego e Iriarte. Y él se sentaba entre nosotros, como si fuera uno más, al objeto de que todos juntos reflexionáramos sobre las moralejas de aquellas historias. “La zorra y las uvas”, “El burro y el tesoro”, “Los animales con peste”...De todas ellas extraíamos algo positivo, como cuando acusaron al pobre burro de haber extendido la peste, sin haber realizado el interrogatorio indispensable y decisivo al león y la pantera. “¿Vosotros creéis que a los poderosos se les acusa de algo?” preguntaba el agudo Don Félix. 

Supongo que, a fin de evitar disgustos, éste actuaría con prudencia a la hora de utilizar tales métodos de enseñanza, pues los ojos de numerosos vecinos estaban puestos en el maestro liberal, esperando a que algún día diera un patinazo. Tampoco mi padre estaba muy de acuerdo con la metodología de Arano, ya que para él lo mejor era prolongar al máximo mi inocencia respecto al lado oculto de la vida, sabedor de que siempre me quedaría tiempo para hacer fechorías.

En la escuela de Arano, solíamos tener fiesta el jueves de la primera semana en que llegaban las golondrinas. El maestro nos decía que era una razón para estar contentos y dicho día recitábamos cantos y poesías para honrar a la naturaleza. En mi opinión, aquel señor sabio abrió una ventana a la sensibilidad en nuestro interior(1)

Pedro Viteriren gaineko informazio gehiago:



(1) “Bizi izan juat” nire liburuaren (2000) erdarazko itzulpen ez argitaratua.

martes, 13 de septiembre de 2011

GERRA AURREKO EMAKUME ABERTZALEEI OMENALDIA ARAMAION



Gerra aurreko Aramaioko emakume abertzaleei omenaldia egin zien herriko EAJk 1979ko irailaren 16an. Andra Mari baselizara hurbildu ziren eta egoki prestatutako eginkizunekin nolabaiteko eskerrona azaldu zitzaien,  gerra zibileko ondorio latzak urte luzez pairatu zituzten emakume adoretsu haiei. Ekitaldiaren arlo politikoan Joseba Azkarraga eta Andoni Monforte EAJko parlamentariek hitz egin zieten bertaratutakoei.

Gaurko ekarpentxo honek emakume haiek unetxo batez gure gogoan edukitzeko balio dezake. Lehen argazkian, denak identifikatzerik ez dudala izan aitortuz, ikusten ditugu, eskuinetik hasita: Paula Letamendi (soineko beltz eta zuria) Fernanda Letamendi,Timotea Kortabarria, Antonina Elexpuru –oraindik bizi dena 101 urterekin!- Domeke Elexpuru, Patxike Ayastuy (ume bateaz) Teodosia Salaberri, Angeles Beitia (eskuetan jertse bat daukana) Dominika Ibabe, Felisa Rodero. 

 


Bigarren argazkian, berriz, honakoak azaltzen dira:  Cirilo Mondragon – ekitaldiaren aurkezlea- Miren Ormaetxea, Felipa Etxebarria, Mertxe Mondragon –antolatzaileetariko bat- Margari Ayastuy, Patxi Ayastuy –beste antolatzaile bat- eta Crucita Ayastuy.



 
Egun hartan, etxeko ezkuturen batean urtetan gordetako ondoko dokumentua ere erakutsi zion norbaitek, ikusi nahi izan zuenari. Gerra piztu baino hiru hilabete lehenagoko kuota baten erreziboa da, 
 hain zuzen Aramaioko Emakume Abertzale Batzarena. Ordainduko zuten azkenetarikoa izango zen 1936ko apirileko hura.

 
Aste honetan hogeita hamabi urte beteko dira ekitaldi hura izan zenetik. Han egon ginenok ezin dugu ahaztu bertan bizi izandako emozioa.

jueves, 1 de septiembre de 2011

GURE MAISUAK GOGORATUZ



Historia finkatzea ezinbesteko ariketa da herrien martxa normaltasunez gara dadin. Gure inguruan gertatzen denari erreparatuz, badirudi historiaren gaineko erredakzioa oso konplexutasun handiko betebeharra dela, han eta hemen burututako astakeria eta gaiztakeriak kontaezinak baitira.

Horregatik txalogarria da, “Gure maisuak gogoratuz” tituluko liburuaren inguruan egin den lana. Eskerron, edonon. Horixe dio, gutxi gora behera, erdal esaera batek eta helburu hori ere eduki dute gogoan aipatu liburuaren egileek, garai bateko memoriak idaztean. Arrasateko Eskola Profesionalean Industri Ofizialtza eta Maisutza 1958-64 tartean ikasi zuten ikasle batzuei egotzi behar zaie meritua, hain liburu eder eta interesgarri eskaintzekoa, alegia.

Anton Elorza, Ramon Urrizalki eta Jose Luis Osinaga adiskideekin minutu batzuk konpartitzea nahikoa izan dut, lantegian jarri duten indarra, ilusioa eta kemena nolakoak izan diren antzemateko. Gauzak interesarekin hartzen direnean emaitza ona izaten da, eta horixe bera gertatu zaie aipatu lagunei: oso ekarpen bikaina erdietsi dute.


Eskola Profesionalak ibilbide emaritsua izan zuen bere sorreratik, lehendik zetorkiona –Biteri Eskola, Aprendiz Eskola- ongi aprobetxatzen jakin zuelarik. Historian kate mailak lotuz burutzen da bidea, eta Eskola Profesionalaren ideiak ongarri bizigarria izan zuen 1943an abian jarri zenetik. Horrexegatik eta eskolatik igarotako irakasle eta ikasleei esker, urtetako lorpen ederraz mintza gaitezke egun.

Liburuaren egileek oroitzapen dokumentala eta animikoa jarri dute dantzan testua osatzeko. Garbi dago bihotzak toki garrantzitsua izan duela haren egituraketan baina beti ere errealitatearen osagarritzat hartuta. Hain funtsezkoa den objetibotasuna dario liburuak, osotasunari kalitatezko maila eskaintzen diona.

Liburuak toki berezia du jada Arrasateko historia txikiaren arasetan. Gure iraganaren arlo bat finkatzen digu xehetasun ugarirekin, eta aukera paregabea eskaintzen du ertzez beteriko ezkutuetan murgil egin dezagun. Oso gustura irakurtzen da, eta –gainera- erreferente gisa erabil daiteke, dituen hainbat datu interesgarriri esker.

“Gure maisuak gogoratuz” dio liburuaren tituluak eta egia esatera, denok izango ginateke maisu atzera begira apur bat gure iragana finkatzen ahaleginduko bagina. Azken finean, izan ginelako izango dira.