jueves, 29 de diciembre de 2011

IOKIN ZAITEGIREN BIOGRAFIA. HOGEITA HAMAR URTE

Hogeita hamar urte beteko dira bihar, abenduak 30, 1979an hildako Iokin Zaitegiren biografia aurkeztu nuenetik Arrasateko Udaletxean. Duela zenbait egun, Guatemalatik testu interesgarri bat iritsi zait, Zaitegiren gaineko lizentziatura-tesi bati dagokiona, eta gai horretara aurreragoko beste sarrera batekin itzuliko naizen arren, gaur lerro batzuk eskaini nahi dizkiot biografiaren aurkezpen hari.


Gorriak eta bost ikusi nituen liburua publikatu ahal izateko. Nik neronek hartu nuen argitalpenaren ardura eta erronka ekonomikoa ez zen makala gertatu. Iokinena baino bi urte lehenago idatzi nuen “Sebero Altube” liburua Donostiako Aurrezki Kutxaren Argitalpen Zerbitzuaren eskutik kaleratu zen eta ez nintzen alderdi ekonomikoaz arduratu behar izan. Iokinenak, berriz, buruhauste ugari ekarri zizkidan. Gastuen kopurua garbi neukan lehen unetik. Diru sarrerak, ordea, galdera ikur handia ziren. Eta gauzak okertzen hasi ziren lehen unetik.


Aurkezpenaren mahaia




Liburuaren aurkezpenean luxuzko bi gonbidatuk lagunduko zidaten: Jesus Maria Leizaola, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakari ohia, eta Juan San Martin. Leizaola justu bi urte lehenago itzuli zen erbestaldi luzetik, eta aurreneko aldiz zen Arrasatera heltzen zela. Herriko EAJren agintariek adierazi zidatenez, ekitaldia aprobetxatu nahi zuten Leizaolari ongi etorriko keinua egiteko, eta udal plenoen aretora etortzeko abisatu bide zieten afiliatuei. Kalkuluak egiten hasi nintzen, iragarpenen arabera zenbat liburu sal ote nezakeen asmatzeko. Ekitaldiaren bezperan zuzen zuzenean ekarri nituen aleak Usurbileko Izarra moldiztegitik Udaletxera.

Abenduaren azken aurreko eguna haizetsu esnatu zen. Eta orduak aurrera zihoazen heinean gero eta bortitzagoak ziren haize boladak. Arratsaldeko 4´30etan argia joan zen, zeharo,  herri osoan. Eta 6etan herriko kaleetan ez zen piperrik ikusten. Udaletxea ilunpean zegoen eta Ardanza alkateak agindu zuen argindar-sorgailu bat martxan jartzea, behintzat udal plenoen aretoan zerbait ikus genezan. Ayani teknikoari esker bi bonbila piztu ahal izan ziren.


Ardanza alkateari sinatzen ari zaio Leizaola
Iritsi zen San Martin, geroago Leizaola –bere autoarekin galduta gaueko ilunpe itzelean. Eta, aleka, senitarte batzuek ere hartu zuten jarleku, areto hotz eta hutsean. EAJkoek hurrengo baterako utzi bide zuten Leizaolarenganako keinua, eta beste hiritar asko bezala ez ziren euren etxeetatik ateratzera ausartu. Iluntasuna zen nagusi Arrasaten, Udal Pleno Aretoko ipurtargi haien salbuespenarekin.

Matxura erraldoiaren arrazoia ez zigun inortxok argitu. Elektrizitateak biharamunean ere huts egiten segitu zuenez gero, zenbait lantegitan –Unión Cerrajera S.A barne- ateak itxita egon ziren urteko azken egunean. Ustekabeko jai haren aukera aprobetxatu nuen liburuak nire etxeko sotora eramateko. Zaitegik – zegoen tokitik- ez zidan askotxo lagundu bere biografia zabaltzen, behintzat liburuaren aurkezpeneko egunean.

miércoles, 21 de diciembre de 2011

ARTURO GOIKOETXEA, MUSIKO ARRASATEARRA (Bideoa)

Nire adineko arrasatear askok ezagutuko dugun arren, bistaz bederen, gehienontzat zeharo arraroa egingo da Arturo Goikoetxea Uriarte izena. Arrasatearra jaioa bada ere (1946) gazterik atera zen herritik –lehenik ikastera eta behin prestakuntza amaitu ondoren mediku bezala aritzera. Urte mordoa eman du Gasteizko Santiago Hospitalean, neurologia zerbitzu buru bezala.

Duela egun gutxi, Arturori Euskonewserako elkarrizketa zabal bat egiteko aukera izan dut, eta ez nuen berarengana iristea alperrik galdu nahi izan bigarren bat burutzeko. Mediku izateaz gain Goikoetxea musiko bezala ere nabarmendu denez gero horixe zen interesatzen zitzaidan arrasatearraren beste alderdia.

Arturo Goikoetxea piano jole bikaina da. Musikarako zaletasun handiko sendi batean sortua, Arrasateko Musika Bandako zuzendari izandako Justo Munarrizekin ikasi zituen solfeoa eta pianoaren lehen sekretuak, XX.ko berrogeita hamarretan. Baina berak dioenez, Juanito Arzamendi izan zuen maisurik onena eta pianoz dakien guztia Juanitori zor diola azpimarratzen du Arturok.

Arturo bigarrena da eskuinetik
Valladolidera aldatu zen medikuntza egitera eta Gaztelako hiriko Kontserbatorioan musika ikasketekin jarraitu ahal izan zuen. Bertan ari zela proposamen bat egin zioten, musika talde –conjunto- batean jotzeko. Onartu eta martxan jarri: sortu ziren “Los Banzos”, hirurogeietako musika mundutxo hartan izena egitera heldu zena. Zenbait disko grabatu zituzten, eta Arturo zen musika egilea. “Aitortu behar dut, diskoen grabazioetan jo zuen taldekide bakarra izan nintzela, beste instrumentuetarako profesionalak nahiago baitzituzten diskoetxekoek. Egia da, talderik gehienetan gauza bera gertatzen zela” “Los Banzos” Arrasaten aritu ziren 1968ko sanjuanetan, Jai  Zale aretoan, Zaldibar frontoian eta Kasinoan.


Valladoliden ere beste talde bat sortu zuen Goikoetxeak, Ederki Abesbatza, alegia. Kide izan zuen Javier Busto, urte batzuk beranduago Hondarribiko Eskifaia abesbatza sonatuaren zuzendari izango zena. Bartzelonara aldatu zen espezialitatea egitera eta Kataluniako hiriburuan Cármina Koralan aritu zen.



Los Banzos. Arturo eskuinekoa da
Arturok azaltzen duenez, ikasle garaietan, bitxia irudi daitekeen arren, ez zuen inoiz piano propiorik eduki. Horren gabezia saihestuz, instrumentoaren gaineko jabetza irabaztearren pianoko teklak margotzen zituen paper batean eta hori mahai gainean jarrita partituren pentagramak interpretatzen saiatzen zen, etsi gabe. Akats eragingarria izan bide zen instrumentorik eza.




Luis Sagasta eta Juan Arzamendiren bitartez, Arrasate Musikalekin kontaktuan jarri zen hirurogeita hamargarrenetako hamarkadaren amaieran eta hori izan zen lankidetza aberats baten hastapena. “Luis nahastaile positiboa da, eta berak eta Juanitok liatu ninduten Arrasate Musikalaren orkestra harrigarrirako. Arrasateren izena eraman ahal izan genuen toki askotara, publiko zabal baten gozamenerako. Kasu bakarra zen orkestra hura”

Arturo Goikoetxeak hainbat kontzertu eman zituen Arrasateko orkestrarekin, espainiar estatuan eta Europan zehar. Rachmaninov eta Mozart izan ziren, besteak beste, hautatutako musikoak. “Kataluniako Santes Creus monastegian egon ginenean beldurtu egin nintzen, goi-goi mailako interpreteak igarotzen ari baitziren eszenategi eder hartatik. Mozarten piano eta orkestrarako kontzertua jo genuen... Pianoa Bösendorfer bat zen, bikaina. Aurrera atera genuen kontzertua, modu duinean... eta ez gintuzten komisaldegira sartu. Txantxak aparte, uste dut batzuetan gutxiegi baloratzen dugula egiten duguna

Arturo pianoaren aurrean ikusi eta entzun dutenek diotenez  interprete ona da. “Arrasate oso herri posibilista izan da eta Juanito horretarako aparta zen. Rachmaninov jotzen genuenean... publikoak bai piano jolea zein orkestraren lana baloratzen zuen bere neurrian. Ausartak izan ginen, Arrasate oso herri ausarta izan baita beti” gehitzen du Arturok.


 
Arturok pieza hori jotzen du bideoan


 Arrasateko esperientzia haren ondoren, Goikoetxeak talde berri bat sortu zuen Gasteizko ospitalean, zenbait medikuren lankidetzaz. 


“Musicomio” deitzen zutenak Arturoren konposizioak jotzen zituen musika eta umorea nahastuz, batez ere denbora pasa bezala hartuta interpreteen euren katarsiserako. Egun Gasteizko Samaniego Abesbatza zuzentzen du, arrakasta handiz. Modu berean, piano, bateria eta gitarraz lagundurik ahots-jazza dagien beste talde baten eragilea da.


Arturo Goikoetxearen esanetan, musikak bizitza eramangarriagoa egiten lagundu dio, batez ere aukera eman diolako giza talde desberdinak ezagutzeko.

Elkarrizketaren bideoa ikus daiteke:

http://www.youtube.com/watch?v=7shGK3-oUqA

miércoles, 14 de diciembre de 2011

DOKE ANTZERKI TALDEA: “Gabon Kanta” (BIDEOA)







Aramaioko Antzokian
Bost urte eman dira Doke Antzerki Taldeak “Actto para la Nochebuena” deritzan lana taularatu zuenetik. Aramaion jaiotako Pedro Ignacio de Barrutia arrasatearraren eskutik sortu zen Hego Euskal Herrian –orain arte, behintzat- euskarazko lehen antzezlana. Hori XVIII mendean gertatu zen eta Doke Antzerki Taldeak hainbat eszenategitatik igaro zuen  obra, 2006 eta 2007ko abenduetan, arrakasta handiz.


Gauden data hauetan, obrak eskainitako ataltxo bat ekarri nahi dut gogora. Hain zuzen, “Gabon
Donostiako Antzoki Zaharrean
Kanta” batekin bukatzen du Barrutiak bere obra eta horixe erakutsi nahi dut, dokekideek errepresentatu zuten moduan. Amaya antzokian grabatutako azken eszenak jarri ditut ikusgai bideo batean.

Honela dio “Gabon kanta”-k azken ahapaldian:

Gaur dala gabon gaba, gaur dala gabon, egun egiten jaku Jangoikoa gizon.
Hots begi danbolinak, lutua ken bedi, fiesta dagiogun Infante honeri.

Zerureanik dator gure artera, erratuai bidea erakustera.
Emaitera dator mila barri on, egun egiten jaku Jangoikoa gizon.

Ez da besteren eske, bihotzak bakarrik. Beretzat gura ditu beste bagarik.
Kunplidu egiozu Jaun honi nahia, beroni salerozuz bihotz guztia.

Gaur dala gabon gaba, gaur dala gabon, egun egiten jaku Jangoikoa gizon.
Hots begi danbolinak, lutua ken bedi, fiesta dagiogun Infante honeri.

Sabin Salaberri konposagileak ipini zien musika bertso haiei, eta kanta horrekin amaitzen zen antzezlana.
Arrasateko Amaya Antzokian

Oso musika dotoreak bertsoei indarra eskaintzen die eta aproposa egiten da dantzarako ere. 



Pedro Ignacio de Barrutiak, alde batetik, eta Sabin Salaberrik, bestetik, aukera eskaini digute, Arrasaten kantatzeko eta dantzatzeko sortua izan zena eguneko arrasatearrongana iristarazteko. Ederto legoke, jai hauetan kanta honek sustraiak botako balitu arrasatear lurretan. Badakit Portaloi taldeak bere errepertoriora inkorporatu duela gabon kanta. Tradizio baten hastapenak? Auskalo!

Bideoa: http://www.youtube.com/watch?v=QoFesg2CWko
 


Argazkiak: Ekain Velez de Mendizabal, Javier Usabiaga, Joxefe Diaz de Tuesta

jueves, 8 de diciembre de 2011

GARAGARTZAKO LAMIAREN LEGENDA

Garagartzako eliza

Aurreko batean nioen bezala, Justo Jauregi-Arraburu abadeak Garagartzako  historiari buruzko eskuizkribu interesgarria burutu zuen. Eskuizkribuan Jauregi-Arraburuk Garagartzako zenbait legenda eta ipuin bildu zituen, noizean behin hemen azalduko ditudanak.

Gaurkoan, dena den, Jose Migel Barandiarani eman nahi diot protagonismoa, izan ere ataundarrak, Aranzadi Zientzia Elkartearen Munibe aldizkarian, 1980ko 32. zenbakian, Euskalerriko Leen-Gizakien eta Ireluen Bizilekuai Buruz Ikasgai eta Esaunda Batzuek” titulupeko ondoko istorioa eman zuen ezagutzera. Ia ziur esan daiteke Barandiaranek Justo Jauregi Arraburu bere ikasleari aditu ziola ipuina.  Hona hemen, beraz, On Jose Migelek publikatu zuen moduan:

“LEZETXIKI, KOBAUNDI.— Auek dira Arrasate-Garagartza-ko Bostate mendi alboan dauden bi arpe. Bata bestearen gainean. Bien artean beste arpetxo bat: Laminen-eskaratza. Leen aroetako aztarna asko agertu ditugu or, batezere lenengo arpean. Emen bizi izan dira gizakiak, Mustier-arotik asita geroztiko aldietan. Garagartza’ko lagunak digutenez, laminen bizilekuak izan omen dira leize oriek. Ara emen zer dion esaunda batek.

http://www.fentmuntanyaiformacio.es 

“Garagartza-Korrione’ko motil gazte batek, Kobaundi-inguruan zijoala, leize atekan neskatilla eder bat ikusi omentzuan eta berarekin itz egin eta beragaz itxutu. Baita biak ezkon--itza elkarri eman ere; baiñan leenik neskatxaren adina motillak asmatzekotan. Motillak bere auzoko andra zaar bati galdetu ea Kobaundi’ko neskatilla ederrak zer adin ote zuan. Andra ori, Kobaundi-aldera juan, eta an, arpe aurrean, atekari atzealdea emanaz, makurtu eta, bere anka bien artetik burua atzeruntz aterata, arpeari begira jarri. Ba-dator ango neskatxa eta, aurrean alako ikusgarria arkitzean, arriturik dio: «nere biziko eun da bost urte auetan ez det olakorik ikusi». Andrea bereala itzuli omentzan Korrione’ra eta motillari esan Kobaundi’n entzun zuana. Orduan neskatillaren adina azaltzen dio motillak berari, ustez eta ala eskontzen al zirala. Baiñan motillaren amak dio semeari: «begira leenik nolako oiñak dituan arpeko neskatilla orrek».

Arpera juan eta motillak ikusten dizkio oiñak neskatxari eta gero amari dio: Kobaundi’ko neskatxaren oiñak aatearenak bezalakoak dira». Orduan amak: «ori ez dek gizakia, lamiña baiño; orrekin ezin ezkontzen al aiz». Motillari bere barruna arrunt belundu omen zitzaion eta gaixotu; baita laster ill ere. Arpeko lamiña Korrione’ra, gaubela egitera, jetxi omentzan eta, intxaurraren azaletik atera zuan maindire batekin bere maitearen soina estali.

Illa elizkizunera eta ehortzera zeramakiela, lamiñak ere lagundu omentzion Garagartza-koelizateraño. Andik bere arpera gero, negar da negar”

 

Argazkiak: Eusebio Iñarra(Garagartzakoa)

tartalorenkobazuloa.blogspot eta euskonews.com

http://www.fentmuntanyaiformacio.es

viernes, 2 de diciembre de 2011

ARAMAIOKO GORULARIAK, 1935ean



Beste behin ere aritu izan naiz espazio honetan, 1935eko irailean Aramaion eraiki zen Tellamendiko gurutzeaz (http://txemax3.blogspot.com/2011/07/tellamendiko-gurutzea-berriro-zutik.html)

Gaurko lerro hauek idazteko bidea argazki batek eman dit, hain zuzen 1935eko irailaren 15ean ateratakoa. Aramaioko gorulariak ditugu, egun hartan Andra Mari baselizan dantza egingo zutenak.

Aramaioko zenbait gaztek – EAJren ingurukoak- Tellamendiko gurutzea jaiki nahi zuten eta 1935ko Abuztuaren 9an idazki bat bidali zuen Jose Mari Azkarraga “Lurgorri”-k Aramaioko Udaletxera, beraren eta beste zenbait auzokideren izenean. Honela zioen: 

            “QUE hemos venido tiempo ha alimentando un deseo que esperamos llevarlo ahora al terreno de la realidad.
            QUE este deseo consiste en la colocación de una Cruz de hierro en la cumbre del monte generalmente denominado “Tellamunte”.
            QUE siendo terreno comunal y, por ende, perteneciente al municipio el que corresponde al lugar en que ha de ir emplazada la mencionada Cruz.
            A V.E suplico se digne conceder la autorización previa para que en ese lugar pueda ser colocada la Cruz a que me refiero, cuyo acto tendrá efectividad el día 25 del actual, desarrollándose con este motivo el siguiente programa:
            9 y media de la mañana: En la ermita de “Andra Mari” misa cantada por elementos de Aramayona.
            11 y cuarto: En “Tellamunte”, bendición de la Cruz, haciendo a continuación el ofrecimiento de la misma un vecino de Aretxabaleta, y contestando el que en estos momentos tiene el honor de dirigirse a V.E.
            1 de la tarde: Banquete en la campa de “Andra Mari”
            4 de la tarde: En el mismo lugar, actuación de los espatadantzaris veteranos de Aramayona y de las “gorularis = hilanderas”.
            A continuación, romería vasca hasta el anochecer.”

Hasieran abuztuaren 25erako pentsatua zegoen inaugurazio ekitaldia, eguraldiarengatik irailaren hamabostera atzeratu behar izan zuten.

Argazkiko gorulariak, ezkerretik: Miren Ormaetxea, Jaione Kortabarria, Begoña Azkarraga, Angelita Nafarrate, Edurne Larrañaga, Kruzita Ayastuy, eta beste biak ez ditut identifikatu ahal izan.