miércoles, 28 de marzo de 2012

ZELESTINO ARZAMENDI, ARRASATEKO MIKELETEA


Ezaguna den moduan, euskal Diputazioek euren talde bereziak sortu zituzten XVIII-aren hondarretan, lurraldeetako ordena eta administrazio publikoari behar bezalako erantzuna emateko Horrela, Araban miñoiak, Bizkaian foru zaintza eta Gipuzkoan mikeleteak ziren talde armatu ofizialak. Karlistadetan –batez ere bigarrenean- armada liberalaren aldeko indar laguntzaileak bihurtu ziren.

Zelestino Arzamendi
Apur bat esan genezake  mikelete eta miñoi izenen gain, izan ere frantziar okupazioaren ondorio zuzena dira, arrotzak, beraz (michel eta mignon hitzetatik, alegia) Baina ez da hori gaurko idazki honen arrazoia eta utz dezagun hurrengo baterako.

Bere sorreratik izan zituzten ohiko betebeharrez aparte, Gipuzkoan mikeleteek1856tik aurrera probintziako ariel edo arbitrioen zaintza eta administrazioa eraman zuten lurraldeko hainbat bidesari-etxetan, eta haiei zegokien kobrantzaren ardura, ordura arte enkante publikoan egin zena. Arrasateko seme bat lan horietan ibili zen XX. mendearen lehen herenean. Zelestino Arzamendi Aranzabal izan zen betebehar horietan ihardun zuen mundrautarra.

San Kristobal baserrian jaio zen Zelestino 1894ko martxoaren 8an. Herriko gazte gehienok bezala, sarrailgintzan aritu zen gazte-gaztea zenetik, Ugarte y Cia. lantegian, geroago Unión Cerrajerara igarotzeko. Baina sarrailari on bat izan beharrean, zeru berrien bila atera zen fabrikatik eta mikelete apuntatu zen mendearen bigarren hamarkadan. Zaintza talde horretan zenbait lan desberdin burutu ostean, Diputazioak Gatzagako lantokiaren ardura eman zion 1924 inguruan eta Antonia Atxa Zubia bere emazte arrasatearrarekin hara aldatu zen bizitzera.  Gipuzkoa eta Arabaren arteko merkantzia-trafikoaren ardura hartu zuen Zelestinok bere gain.

Sei urtez aritu zen Gatzagan, bai errepidez zein trenez igarotzen zen merkatal-jarioaren gaineko zergak bertatik bertara eskuratuz, horrek suposatzen zuen administral-tramite guztiekin. Hori gutxi bailitzan, muga horretatik izan ohi den estraperloa borrokatu behar izan zuen, azken finean talde armatua baitzen mikeletena.  Zelestinok asto baten gainean egiten zituen ibilaldiak, iruzurgileen bila. Eta zeregin horretan 1930ra arte aritu zen, Diputazioak –arrasatearraren lan onaz ohartua- Donostiara aldatu zuen arte.

Mikeleteak formatuta, Miramar Jauregian
Donostiako lantokia Diputazioaren Jauregian bertan izan zuen Zelestinok. Eta zeregin berrietan ere jarrera zintzo eta publikoarentzat zabala erakutsi zuen beti. Hiriburuko Antiguo auzoan bizi zen, eta diotenez “Antiguoko San Ignazio” deitzen zuten,  gau eta egun erakutsitako elizkoitasun  eta besteenganako eskuzabaltasunarengatik. Itxura denez, San Ignazioren antza zuen, fisikoan eta bizitza jarreran.

Ez dugu inoiz jakingo San Ignazioren itxura ote zuen, baina bai, bederen, bere anaia Segundorena, Arrasaten bizi zena. Gertatu zen, Segundo aurreneko aldiz Donostiara joan zenean bere anaia bisitatzera, Antiguo auzora iritsi eta etxea zein zen ezin asmatuz, atartez atarte zebilela anaiarena bilatu nahian. Halako batean, bere produktuak espaloian salgai zeuzkan zapatari batek Segundoren ahaleginaz ohartuta, oihu egin zion: “Matía, 32- Lehenengo pisua!” Ez zuen, jakina, inondik ezagutzen, eta ez zion Segundok zapatariari ezertxo ere galdetu behar,  noraezean zebilen gizona Zelestinoren senitartea zela langile hark antzemateko.

Hauxe izan da Zelestino Arzamendiren gaineko oroitzapen txiki bat. Arrasateko San Kristobal baserritik Donostiako Diputazioaren jauregira aldatu zen herritar peto eta xumearena.
 



Argazkiak: Pilar Arzamendi eta Gipuzkoa 1915 liburutik
 

miércoles, 21 de marzo de 2012

SALESANDARRAK





Liburuaren aurrealdea
Oso liburu polita iritsi zait eskuetara duela gutxi. Liburu formatuko testu argitaragabea da, tirada murritzekoa, baina sekulako aberastasuna gordetzen duena. “Salesandarrak” du titulua eta Aramaioko “Salesan” baserriko sendiari dago eskainia. Nork eta, sagako kide langile burutsua den Antonio Unzueta fraide karmeldarrak, alegia. Zorionak eta eskerrik asko, Antonio! Zuk bakarrik dakizu zenbat ordu –goxo, seguru baietz!- eman dizkizun liburuaren prestaketak. Merezi izan duela garbi dago. Behintzat, irakurri dudanak gure herriko historia txikiaren bidexketatik gora egitea lagundu dit, eta gainera modu atseginean.

Julian Unzueta, Salesango oraingo ugazaba
Baserriaren historiak XIV. mendera arte eramaten gaitu, eta hori ez da normalean edozeinek esan dezakeena. Are gutxiago, etxeak ez badu bere kideen artean historiaz interesatua izan den inor. Aramaion, zorionez, badira euren iraganari dokumentuen bitartez eutsi dioten baserriak eta horietakoa da Salesan.

XVI. mendeko Domingo Vergara Salezan  eta eguneko Julian Unzueta Etxebarriaren artean “Salesan” baserriko ugazabak gogor aritu izan dira aziendari eusten ez ezik zabaltzen eta sendotzen ere. Ez dakit horregatik izan ote den Antoniok idazkirako hautatutako titulua, ezen “salesandarrak” dira istorioaren protagonista zuzen eta nagusiak. Azpimarratu behar da, Aramaioko historian neurriz nabarmentzen diren kide ugari eman dituela Salesan baserriak eta horiexena da egunera arteko mugarri historikoen meritua.

Aramaioko biztanleek badute liburu honekin non bilatu, mendetan gora joanda erruz ageri diren zehazkizun interesgarriak. Zutabe honi dagokion neurrian, ahaleginak egingo ditut azpimarragarrienak  aletzen eta ezagutarazten.

miércoles, 14 de marzo de 2012

MIGEL MADINABEITIA AZALERATUZ

Migel Madinabeitia, 1860 inguruan
Argitaratu berri dut artikulu bat Euskonewsen, arrasatear historiarekin lotua. Nahikoa historia baita XIX mendeko arrasatear pertsonaia baten izena azalaraztea, mende luze batez ahanzturak ezkutatua egon ondoren. Bila ibili natzaio aspalditik, erreferentzia ugari bainituen bere obrari buruz eta azkenik zorte kolpe batek berarengana eraman nau.

Migel Madinabeitia Aristegi arrasatearrari buruz ari naiz, 1828an munduratua herriko merkatari sendi batean. Madinabeitia gizon ezaguna izan zen garaiko euskal zirkuluetan. Esan genezake “vascófilo” izan genuela, eta bere burua liberaltzat zeukan. XIX mendeak profil bertsuko intelektualak eskaini zituen, oroitu behar baita Sabino Aranaren ideiak ez zirela mende amaierara arte loratuko.

Madinabeitia Arrasateko udal idazkaria izan zen eta kargu horren aukeraz baliaturik herriko artxiboa arakatu ahal izan zuen urte luzez. Inoiz bere burua “Ratón de Biblioteca de Mondragón” bezala definitu zuen –eta baita idazlanen bat edo beste izen horrekin izenpetu ere-  eguneroko betebeharretatik kanpoko ordu libreak paper zaharren artean ematen baitzituen.

Madinabeitia har genezake Garibay eta XIX. mendea bitarteko arrasatear kronistatzat. Hark eman zituen ezagutzera Garibayren beraren esku izkribu batzuk, udal artxiboan gordetzen zirenak eta horrezaz gain, XVI eta XIX.en arteko zenbait mugarri historikoren berri eman zuen orduko agerkarietan, batez ere “Euskal Erria” kultura aldizkarian eta “El Noticiero Bilbaíno” informazio orokorreko egunkarian.

Madinabeitiaren berri izan zuten, zalantzarik gabe, haren ostean etorri ziren zenbait arrasatear historia zalek. Joxe Letona, Jose Mari Uranga, Juan Leibar eta Justo Jauregi-Arraburuk aipatu egiten dute Madinabeitiaren lana, gehien bat, hark “Euskal Erria”n argitaratutako artikulu mamitsuak. Madinabeitiak prestatutako “Apuntes históricos de la villa de Mondragón” deritzan esku izkribu interesgarria ere ezaguna zitzaien.
Madinabeitia, XIXko amaieran
  

Hala ere, horren aldetik duda bat daukat, zuzeneko ezagutza izango ote zuten ala harekin eta beste zenbait datu historikorekin Jose Luis Iñarra erretoreak idazmakinaz burutu zuen dokumentuaren bitartez. Tamalez, Iñarraren dokumentu hori izan zela badakidan arren –Jauregi Arraburuk espresuki aipatzen du- gaur non dagoen  ez ezaguna zait.

Berriki, zorionez, Migel Madinabeitiaren ekarpen zabala agerian geratu da. Eta udal idazkari ohiaren hainbat lan irakurri ahal izan dut originaletik. Batzuk ezagunak zitzaizkidan –konkretuki “Euskal Erria”koak- baina gainontzekoen artean bada materiala arrasatear historia txikia xehetasun interesgarriz aberasten duena. Ezinbesteko beste irakurketa lasaixeagoaren ostean, Madinabeitiaren lan batzuk zutabe honetara ekartzea daukat asmoa, berriz ere ezkuturen batera galdu aurretik. Eta, noski, gurea den iragana ezagutu dezagun.




INFORMAZIO GEHIAGo:
 
 
Argazkiak: Pako Madinabeitia Apaolaza

miércoles, 7 de marzo de 2012

IÑIGO ARREGI. MATERIAKO POETA


Iñigo Arregiren urtea al da? Badakit  espazio hutsari egindako itunak ez didala ihardespenik ekarriko, baina artista arrasatearrak erakusketa berri bat inauguratu duen eguneko arratsalde honetan, nagoen mediterranear irlako haize leun xuxurlariak mundu klasikoaren oroitzapena ekarri dit. Ezen, latinar pentsalarien  arabera, jainkoek modu bereziz bedeinkatzen zuten alperreko zirkinik gabe artearen garapenean zentzuz eta trebeziaz ari zena. Horrela bazen,  eta eguneko koordenadetara ekarrita, jainkoen graziaz ukitua dago Arregi sortzaile arrasatearra.

Iñigo Arregiren jarrera artistikoak besteenganako hurbilpen atsegina eragitea du helburu. Bere obraren tamaina hain sakona dugu, non arteari buruzko ezagutza ez ezik natura bera ere islatzen da dimentsio osoan
Arregiren ekarpenean. Naturaren perfekzio isolatua, hain zuzen. Koxkaz beterikoa. Behin eta berriz garaitu behar direnak, horrexek animatzen baitu artista hobetze mugagabera.

Iñigoren obrak galderak sortarazten dizkigu –bestela ez zen artista izango- haren aurrean dagoenak askatasun osoz erantzun ditzakeenak, naturarekin kontaktuan gaudenean burura datozkigun pentsamendu berdintsuekin.  Hamaika galdera eta beste horrenbeste ihardespen. Artistaren meritua horretantxe datza, gugan bizitza-askatasunerako bideak -galde/erantzunak- ahalbidetzean,hain zuzen, sortzailearekiko komunioan jartzen garen bakoitzean.

Asebetetze animikoaren bilakuntza jarraikian, gizon-emakumeok konpromezuz behartzen ditugu geure buruak eta horiei eusteak nolabaiteko sakrifiziorako borondatea eskatzen digu. Zentzu horretan, arteak gizakion espiriltualtasunaren ezinbesteko osagaia eskaintzen du, ezeren truke. Eta artistak -Arregiren modukoak-  aliatu bilakatzen zaizkigu, gure asebetetze propioaren xedean.

Iñigo Arregik eskua luzatzen digu artearen bitartez. Idazkiaren puntu honetara heldu naizenean, Arregiren urtea ote deneko galderari legokiokeenak berdin dit. Nahiago dut egutegiari begira egon barik  artistaren ekarpena denbora-mugagabea dela oroitzea. Horrela biziagoa sentitzen dut artearen muina. Eta Arregik, aldi berean, jainkoen babespean poesia egiten segi dezake, bere artearen askatasunetik. 



Iñigo Arregiren erakusketa berria: Durangoko Arte eta Historia Museoan.  2012ko Martxoaren 25era arte.