miércoles, 3 de diciembre de 2014

TEATROA ARRASATEN, XXean


Abenduan Arrasateko Doke Antzerki Taldeak zenbait emanaldi eskainiko dituela aprobetxatuz, historia garaikidean gure herrian izandako antzerki ekintza batzuen gaineko berri emango dut gaurkoan. Jakina, oso azaleko albisteak dira, ekintzak ere oso apalak izan baitziren eta ez zaigu oroitzapenen bat edo beste baino geratu protagonisten baitan; eta apunte dokumental batzuk, tokiko aldizkari batean (Jasokunde ikastetxeko Assumpta zeritzanean) eta argazki bakanatan. Izan ziren ekintza gehiago mendean, noski. Beste aukera baterako utziko ditut.

Aurrenak 1928ra garamatza. Urte hartan, herriko tiple taldearekin eta Ospitale zaharreko ikasleak hartuta, On Joxe Markiegi abadeak euskaratutako
"Txao" obrako partaideak
“Txao” antzezlana taularatu zen, Mixioen Eguna ospatzeko. Zuzendaria Markiegi bera izan zen eta baita dekoratuen arduraduna, Julio Galarta gaztetxoaren laguntzarekin.Pedro Zumelaga zenak, talde hartako partaidea, gogoratzen zuen: “Kanta ederrekin aurkeztu genuen obra hura Ospitalean eta Aramaioko Bainu Etxean. Kristauak eta txinoen arteko harremanak islatzen zen antzezlanean” “Txao” pertsonaia Fakundo Sanpedro izan zen, Pedro Zumelaga “Aita Zuria” eta Joxe Mari Uranga “Xan Karterua”
 

Taldeko partaideak, argazkian, honakoak ditugu, Joxe Mari Uranga historialariak eskainitako informazioaren arabera. Goiko ilaran: 1 Wenceslao Lasagabaster, 2 Gregorio Sanpedro, 3 Juan Mari Sanpedro, 4 Luziano Oñate, 5 Luzio Berezibar, 6 Manuel Uranga, 7 Juanito Yarza, 8 Alejandro Uribetxebarria, 9 Xabin Arrieta, 10 Pedro Vitoria, 11 Ramon Aranbarri, 12 Angel Azkarraga, 13 Paulo Zumelaga, 14 Julio Galarta. Behekoan: 15 Luziano Aranbarri, 16 Guillermo Juldain, 17 Luis Herrera, 18 Antonio Ansoategi, 19 Angel Erguin, 20 Pedro Zumelaga, 21 Facundo Sanpedro, 22 Eloi Urzelai, 23 Joxe Mari Uranga, 24 Donato Arregi eta 25 Juanito Axpe.

Batzokiko antzezleak 1933an
Bigarren argazkiak 1933ra eramaten gaitu. Eta Arrasateko Batzokiaren antzerki taldea ikusten dugu, eszenategian, Jose Otxoa eta Julio Galarta txistulariek lagunduta. Normalean, obra kostunbristak antzezten zituzten. Identifikatu ahal izan ditugu, Urangaren laguntzari esker. Zutik: Otxoa txistularia, Paul Galdos, Sabin Arrieta, Pedro Murgoitio, Juan Pedro Azkoaga, Aurora Untzueta, Diego Ayastuy, Esteban Etxebarria, Mari Tere Astarloa, Jose Mari Armengou, Luis Ruiz de Alegria, Jose Amozarrain, Vicente Barrutiabengoa eta Julio Galarta txistuarekin. Makurtuta eta eserita: Telesforo Galdos, Mercedes Jauregi, Sabin Maiztegi, Eugenio Baños, Jose Mari Lasagabaster, Benito Etxebarria. 

"Asunta al cielo" obra antzezten ari
Jasokunde Ikastetxeko aktoresak
Azken biek denbora hurbilagoetara ekartzen gaituzte. Jasokunde- la Asuncioneko-  ikastetxeko ikasleek otsailaren 20an obra bat antzeztu ohi zuten Maria Bartolome euren Ama Txit Agurgarriaren ohorez. Ikastetxearen sortzailearen urtebetetzea zen data hartan eta modu espezialean ospatzen zuten ikasle eta irakasleek. San Frantzisko Xabierren bizitza aurkezten zuen “Herida luminosa”, “Asunta al cielo” eta horren estiloko obrak aukeratzen zituzten programarako. Lehen argazkia “Asunta al cielo”ko fotograma bat dugu. Bigarrenean, 1950 inguruan antzezpen lanetan ihardun zuen talde ugaria ikusten dugu. Aurpegi ezagun asko bi erretratuetan. 

IRAKURRI GEHIAGO


Asuncion Ikastetxeko argazkiak: Pilar Arzamendi

No hay comentarios:

Publicar un comentario