miércoles, 29 de octubre de 2014

ARRASATEKO ANTZINAKO JOLASAK. BIDEOAK


1949arrasate lagun taldeko aurtengo irudia

Gaurkoan bi bideo ekarri nahi ditut hona. Biak nik prestatuak, “1949arrasate” lagunen ezinbesteko laguntzarekin. 

Aurten 65 urte betetzen ditugu talde horretakook eta, beste zenbait ekintzaren barruan, bideo hauen errodajea planteatu ginen, gure haurtzaroko bi jolas gogorarazteko. Badakit bideoek ez dutela inongo Grammy saririk jasoko, baina hortxe geratzen dira, iraganeko haur asti-emateen testigantza moduan.

San Juan de Matuté, jolasten ari
SAN JUAN DE MATUTÉ
Neskatilen jolasa zen. “Txorro-morro” ospetsuaren antzerakoa dugu. Praktikatzen dutenek euskara eta gaztelania nahasten dituen kanta abesten dute. Egia esan, jolas hau gehiago praktikatzen zuten aurrekoek gure belaunaldikoek baino. Oso gutxi dira gure adinekoen artean jolas horren erreferentzia dutenak.  Bideoan, beraz, erdi galduta zegoen jolas haren irudia berreskuratu dugu.
Jolas honen beste bertsio batzuk aurkitu ditut Espainiako zenbait herritan. Baina Arrasatekoak nortasun berezia ematen dio, batez ere euskara erabiltzeagatik. 

Garaiko sei neskatilak aurkezten diguten bideoan, “sardin xesto”, “cuchillito” eta abar zer ziren ikas daiteke.



Lau kanika zale
KANIKAK 
Nork ez du oroitzen kaniketako jolasa? Arrasateko kale, plaza eta bazterrak hartzen genituen gure asti orduetan, “bizkarreko” edota “leketan” aritzeko. Terminologia aproposa erabiltzen genuen, gehiena euskaraz, nahiz eta euskara zenik inor gutxi ohartzen zen. Buztinezko edota harrizko kanikak genituen. Kristalezkoak ezin ziren erabili.
Iraganeko ohiko irudi bat berreskuratu dugu bideo honetan. 

Arrasateko lau mutiko ohik eskaintzen digute jolasaren nondik norakoa. 






miércoles, 22 de octubre de 2014

RAFAEL ARIZA ETXEZARRETA





Rafael Ariza Etxezarreta
Haren jabea Rafael Ariza Etxezarreta izan zen. Baina zein izan zen Rafael Ariza Etxezarreta? Horrela galdetuta, pertsonaiari buruz datorkigun lehen irudia, Unión Cerrajeraren antzinako argazki batzuetan ageri zaigun gizakume bizardun, argal eta itxura triste samarrekoa da. Behintzat, arrasatear askok herrikidearen gain gure baitan dugun erretratua horixe da. 

Sagasti-Etxearen aurrealdea
Aurreko haietako batean nioen bezala, Rafael Ariza oso pertsonaia interesgarri eta garrantzitsua izan zen XX.aren lehen hereneko arrasatear gizartean. Aurreratu nuen moduan, Meatzetako Ingeniaritza ikasi zuen, Madrilen eta Alemanian, eta mediku homeopata ere izan bide zen, nahiz eta profesio horretan inoiz  ihardun zuela adieraz lezakeen erreferentziarik aurkitu ez dudan.  Zenbait enpresatako administrazio kontseilu kidea izan genuen, besteak beste “Mendia S.A. Papelera del Urumea” eta Irurako “Echezarreta, G. Mendia y Cia. S.L” izenekoetan. Herrilan Ministerioaren Gipuzkoako goi karguduna izan zen 1934an hil arte.

Sagasti-Etxearen atzealdea
Primo de Rivera jeneralarekin, Union Cerrajeran
Kepa Olidenek Arrasate Pressen 1994ko maiatzaren 20an idatzitako artikulu mamitsuaren arabera, neurrizko gizona zen eta “nik ez dut zozorik ezta Sanjurjo jenerala ere hil dezatela nahi” esaera jartzen du Rafael Arizaren ahoan. Eta bere bibliotekako liburuei erreparatuz, bekoki zabaleko gizona zela baiezta liteke, oso abaniko zabaleko idazleak baitzituen gogoko, bai espainiarrak eta baita atzerritarrak ere. Aitaren bizitza-estiloa kontuan izanda, ez da bat ere harritzekoa liberal samarra izatea bere ohituretan. 

Felix Aranorekin
Aurrera egin baino lehen, azaldu behar da Arrasaten lagun handia izan zuela: Felix Arano maisua. Herriko zenbait zirkulutatik Aranoren lana nola hartzen zen ezagututa, ez da luze pentsatu behar Ariza bera ere zein nolako begiekin neurtuko zuten asmatzeko. Eta Sagasti-Etxeko jabearen zenbait erabakik okerragotu egin zuten hainbat herritarren berarenganako iritzia. Horietako batek Rafaelen arreba Severinarekin du zerikusia. 


Severina Arrasaten bizi zen bere anaiarekin. Biak oso osasun ahulekoak ziren eta zaintza bereziko gaixoaldi luzeak pairatzen zituzten. Arreba Parisera joan zen 1907an eta Frantziako hiriburuan hil zen, 31 urterekin. Anaiak gorpua ekarri zuen Arrasatera eta hilerriko sendiaren hilobian lurperatu nahi izan zuen. Baina zurrumurruak izan bide ziren Severinak bere buruaz beste egin zuela eta debekatu egin zioten Rafaeli arreba Aldayko kanopsantuan ehorztea. Erreakzioa boteprontokoa izan zuen: Sagasti-Etxean bertan emango zion lur. Pentsatu eta egin. Hilobia prestatu zuen arrebarentzat… eta berarentzat ere. 

Kepa Olidenek beste anekdota bat ere kontatzen du, Rafael Arizak herriko erretorearekin izandakoa, alegia. Dioenez, Sagasti-Etxeko jabeak eskatu zion igandeetako meza nagusia eguerdiko 12etan jartzea. Baina abadeak ohiko orduarekin segitu zuen eta ondorioz Arizak parrokiara azaltzeari utzi zion eta ez zen itzuli, ezta parrokoak handik denbora batera meza eguerdira aldatu zuenean ere. Sagasti-Etxeak bazeukan kaperatxo bat eta zenbait eliz-funtzio bertan ospatzen ziren.

Sagasti-Etxeko kapera, 1978an
Rafael Ariza Etxezarreta 1933an ezkondu zen, 59 urterekin. Ezkontidea, arrasatear jatorriko Juan Gregorio Mendia Goizuetaren alarguna, Maria Karmen Ruiz de Arkazute izan zen. Sagasti-Etxeko kaperan ospatu zen ezkontza eta Kepa Olidenek dioenez, senar berriak ez zuen zeremonian bedeinkaziorik jaso nahi izan. Horra hor beste adierazle bat Arizaren nortasuna zehazteko. Emazteak bost seme alaba zituen aurretik baina bikote berriak ez zuen ondorengorik izan. 

Sagasti-Etxeko hilobiak, 1978an
Urtebete eskas iraun zuen senar-emazte berrien loturak, 1934ko otsailaren 15ean Rafael Ariza hil egin baitzen, gaixorik. Eskatu zuen moduan, bere arreba Severinaren ondoan lurperatu zuten, Sagasti-Etxean. 

Ariza Etxezarreta desagertuta, Mendia-Ruiz de Arkaute sendiak bereganatu zuen Sagasti-Etxea. Maria Karmen Ruiz de Arkaute 1979an hil zen, baina ordurako “Sagasti-Etxea/Etxezarreta” etxaldea zeharo abandonatua zegoen. 

Bitxikeria lez esan daiteke, Arrasaterekin harremanik ez zuten arrasatear jatorriko mendiatarrak bilakatu zirela Etxezarretako jabeak, Arrasaterekin erabat identifikatua zegoen baina arrasatear jatorririk ez zuen Rafael Ariza Etxezarreta hil ondoren. Ziklo bat ixten zen. Eta arlo askotako eredua izandako Sagasti-Etxeko ondarea, hondamenaren hurrena bihurtu zen.


Aurreko artikulua:

http://txemax3.blogspot.com.es/2014/10/sagasti-etxeko-liburutegia.html

Argazkiak: Sagasti-Etxekoak: JMVM; Rafael Ariza: Kepa Oliden