jueves, 30 de abril de 2015

ARRASATEKO KALEZAINA HIL DA.



Joxe Manuel, 1979an

Joxe Manuel Arriola Sorazu, Arrasateko kalezain ohia, hil zaigu, apirilaren 28an. Ondoko lerroak, 1979koak dira. DEIA egunkarian argitaratu nituen, Arrasateko urte hartako sanjuanetan.

Urtebete bi geroago, Joxe Manuelen “Nekez badaere” liburua aurkeztea egokitu zitzaidan Udaletxeko pleno aretoan. Hain zuzen ere, 1981eko Santamasak ziren, abenduaren 22, eta nire hitzalditxoan honako hauxe azpimarratu nuen Joxe Manuelen gain: langilea, zintzoa, zuzena eta mundrautarra. Mundrautasuna herriaren aldeko bere lanak eskaini zion, bai kale zain bezala burutua eta baita bere lumaren bideko bertso sail luzearen bitartez ere. Bertso batzuk eskaini nizkion egun hartan eta ondoko apaltxo honekin amaitu nuen nirea: 

Har zazu Joxe Manuel / zintzo ta jatorra /
eskaini nahi dizugun/ bihotzeko agurra.
Arrasatearron alde/ egin duzu beharra,
Horrek bihurtu zaitu / guztiz mundrautarra.

Agur Joxe Manuel, adiskide. Ikusi arte.
===================..=================

DEIA egunkarian, 1979ko sanjuanak 

Debako “Goikoetxe” baserrian jaio zen 1916ko ekainaren 15ean. Aurtengo irailaren lehenean berrogei urte egingo ditu Arrasaten. Guztiak Udaletxearen zerbitzuan, kalezain bezala. Herriko lehengo alkateak eredutzat jarri zuen gure gizona, bere betebeharrean zintzo eta jator jokatu baitu. Jose Manuel Arriola Sorazu - Arrasateko Kalezaina, berak sinatzen duen moduan- ez du aurkezpenik behar. Aski ezaguna da gure artean. Baina inork gutxik dakiena da, Jose Manuel bertsopaper egile dugula. Eta ez nolanahikoa, gainera! Bertso batzuk bilduta dauzka 1972an argitaratutako liburu batean. Eta mordoa da urtetan zehar euskal egunkari eta aldizkarietan argitaratutakoak.

Bertsogintzarako joera bere osaba zenarengandik datorkio: Debako Zubeltzu. Ez du sekulan plazetan ihardun baina trebeki erabiltzen du luma, barnean daramana adierazteko. Hona hemen, Arrasateko kalezain-bertsolaria:
 
1952 inguruan, ezkerrekoa
- Noiztik bertso zaletasuna?
- Nondik datorkidan garbi uzteko, umetako urteak nolakoak izan ziren kontatu behar dut lehendabizi. Debako “Goikoetxe” baserrian jaio nintzen 1916ko ekainaren 15ean. Zortzi anaia-arreba ginen eta etxean denok genuen zerbait egin behar bizimodua aurrera ateratzeko. Artalde bat eta behin batzuk bagenituen eta harekin aritu behar zen. Ikazkin gisa ere ibili nintzen behin baino gehiagotan. Eskolara gutxitan joan ahal izan ginen; beraz, “eskola motza” nintzen. Nire amaren anaia Zubeltzu bertsolari ospetsua zen eta auzokoa genuen. Artean txikia nintzela han egoten nintzen, berari entzuten, egiten zuena erabat miresgarria iruditzen baitzitzaidan. Orduantxe ezagutu nituen beste bertsolari batzuk: Txapel, Saikola, Kortatxo, Debako Iparragirre, Basarri, Uztapide eta abar.

- Aritu al zinen inoiz haiekin bertsotan?
- Ez. Egia esateko, lotsatu egiten nintzen euren zirikadari erantzun behar nionean. Bapateko berezko hori falta izan zait beti. Ni ez naiz sekula plazako bertsolaria izan. Gainera beste puntu bat ere kontuan izan behar duzu: behin Jose Mari Iriondok esan zidan bezala, bertsolaria izateko zurrutak tiratu behar zaitu, pixka bat gutxienez. Eta nire kasuan Ez naiz zurrut zalea izan. Lehen, gazte denboran, nahi ez nuelako, eta gero ogibideak utzi ez didalako, ez dut tabernetako bizimodua ezagutu. Etxeko isiltasunean aritzea, idaztea, nahiago izan dut. Barneko nire egoera hobeto adieraz dezakedala iruditzen zait, nahi dudana ezagutarazteko  askatasun osoa daukat-eta.
Bere lehen liburua, 1981

  - Zure bertsoak “Arrasateko Kalezaina” izenordez izenpetuta daude. Zer dela-eta etorri zinen gure herrira?
- Gerra denboran Zaragoza ondoko herrixka batean zauritu egin ninduten. Hamasei hilabete eman nituen sendaetxe batean. Elbarri izatezko horrek lanpostu bat hautatzeko aukera eman zidan eta 1939ko maiatzean instantzia bat egin nuen hemengo lanpostu baterako. Abuztuan etorri zitzaidan baietza eta segituan hasi behar nuen lanean, baina orduko alkatea zen Domingo Arzamendiri baimena eskatu nion Debako jaiak etxean ospatzeko. Eta horrela modu ofizialean irailaren lehenean ekin nion Arrasateko udal kalezain izateari. Bederatzi urte egin nituen Pagalday sendiarekin, apopilo moduan, eta han egon nintzen ezkondu arte. Debakoa daukat emaztea. Lau seme-alaba izan ditugu, lauok hemengoak. Eta honako hauxe esan dezaket: Arrasateko herria biziki maite dudala. Eta berak ere ni maite nauela uste dut.

- Goazen ostera bertsolaritzarekin. Zenbat bertso moldatu duzu? Eta non argitaratu?
- Ez dakit zenbat izan diren. Liburu bat ateratzeko adina bai, behintzat. “Xenpelar” sariaren 1972ko ediziora bidali nituen eta urte hartako liburuxkan argitaratu ziren haietako batzuk. Gainerakoak Arantzazu hilerokoan, Zeruko Argian, Goiz Argin eta, batez ere, Basarriren bitartez La Voz de España eta azkenaldi honetan Diario Vasco eta Egin egunkarietan.

- Gaurtik aurrera, gonbitea onartuz gero, Deian ere dauzkazula esan ahal izango duzu …
- Bihotz-bihotzez.


Zu Arrasate jai nagusiak /gain gaiñean dituzuna,

Itxaropena gurean degu / gozatuko gaituzuna.

Apaingarririk onena dezu / bakezko edertasuna:

beti bezela zuk erakutsi /zedorren aunditasuna.



Joxe Manuel Arriola, Arrasateko herriari bizitza guztia emanda. Berarekin aro oso bat, euskal zaintzaile zaharrena, aldenduko da Udaletxetik. Eta gure herriak ez dio oraindik bere eskerrona azaldu.
=========..========= 
Atzo, apirilak 29, izan ziren Joxe Manuelen aldeko hileta elizkizunak Arrasateko parrokian.
Argazkiak: JMVM 

http://www.fentmuntanyaiformacio.es









miércoles, 29 de abril de 2015

LURRIKARA ARRASATEN, 1755ean


Lisboako lurrikara eta tsunamia. Grabatua
Nepaleko lurrikara bizi ari gara egunotan. Gaur beste lurrikaraz arituko naiz, Arrasaten duela berrehun eta hirurogei urte bizi izan zena. Goazen, beraz, 1755ean gertatutakoaz jakitera. Aurreko batean ikusi genuen Arrasaten diru bilketa bat egin zela 1885ean, zenbait hilabete lehenago Andaluzian pairatutako lurrikarak zirela-eta. Miguel Madinabeitiak ematen zigun haren berri eta haritik tiraka Arrasateko udal idazkari eta idazleak beste albiste bat argitaratu zuen urte hartako otsailaren 27an, “El Noticiero Bilbaíno” egunkarian. 

Berriak 1755era eramaten zuen (du) irakurlea,hain zuzen Domu Santu egunera, azaroaren lehenera.Portugal eta Espainiako zenbait tokitan oso indar handiz egin zuen dardara lurrak. “Lisboako lurrikara” bezala ezagutzen duguna da ordukoa, eta milaka hildakoren balantze tragikoa izan zen. Itsasoan tsunamia eman zen, hondamendia areagotuz. Hori dela eta, Carlos III espainiar erregeak agindu bat bidali zuen udal guztietara. Eta haren kopia bat Arrasatera ere heldu zen.  

“Noble y Leal Villa de Mondragón. Remito a V.S. copia de la Real Orden comunicada por el Iltrmo. Sr. Gobernador del Consejo, en cuya vista espero me noticie V.S con individualidad de lo que hubiera ocurrido en su jurisdicción.
Queriendo el Rey saber con alguna puntualidad los daños y efectos que ha causado en los pueblos el temblor de tierra que se experimentó en esta corte la mañana del1º del corriente, el que seún parece alcanzó también a otras ciudades, villas y lugares del reino: ha resuelto S.M. que se expida por mí la presente órden a todas las justicias de las capitales y pueblos de alguna consideración, tanto de realengo como de Señorío y abadengo, para que remitan por mi mano una noticia exacta de si en los lugares de su jurisdicción se sintió dicho terremoto: a qué hora, qué tiempo duró, qué movimientos se observaron en los suelos, paredes, edificios, fuentes y ríos.

Qué ruinas o perjuicios ha ocasionado en las fábricas; y si han resultado algunas muertes o heridas en personas y animales y cualquiera otra cosa notable que se considere como precedida o causada del expresado terremoto, y si antes de él hubiese alguno previsto o reparado señales que lo anunciasen, de las que igualmente se deberán hacer expresión, y del fundamento con que cada uno las conceptuaba de tales.

Y quiere S.M. que todo esto se efectúe sin hacer informaciones, procedimientos judiciales ni causar costas, sino oyendo los corregidores y justicias a las personas más advertidas, así eclesiásticas como seculares de sus respectivos pueblos y que más razón puedan dar de lo ocurrido.

Dios guarde a V.S. muchos años. Madrid 8 de Noviembre de 1755. Diego, Obispo de Cartagena. Sr. D. Pedro Cano” 

Garai hartako Arrasateko alkatea Vicente Manuel Zenica Barrutia zen eta 1755eko azaroaren 25ean honela erantzun zuen lehen agintariak: 

“Sr. D. Pedro Cano y Mucientes. Recibí la de V.S de 17 del corriente con la Real Orden de S.M. (Dios le guarde) de 8 del corriente, comunicada por el Iltrmo. Sr. Gobernador del Consejo sobre la novedad y daños que ha causado en esta villa y su distrito el temblor de tierra que en ésta se experimentó el día 2 del corriente mes, poco antes de las ocho de la mañana. Por la misericordia de Dios no resultó daño ni perjuicio alguno en templos, casas, tierras, ríos, personas ni ganados ni caminos ni en otra manera alguna. Y muchos sintieron dicho temblor y causó espanto, y otros no sintieron. Y es cuanto en este asunto puedo a V.S. decir. Quedando con toda voluntad a la obediencia de V.S. deseando que Nuestro Señor le guarde muchos años” 

Ikusten denez, 1755ean Europa erdia dardaran ipini zuen lurrikarak Arrasaten ere izan zuen bere oihartzuna, kale materialak izan ez ziren arren. Amaitzeko diodan, Madinabeitiak, bere jakinduriaren adibide berri bat emanez, munduan historian izandako lurrikaren zerrenda bat idatzi zuen  bere albisteari azken puntua jarri aurretik.

Lurrikaraz, gehiago:

http://www.fentmuntanyaiformacio.es


Argazkiak: Internet, JMVM