miércoles, 25 de noviembre de 2015

IBABEKO KOFRADIAREN DIRU MAILEGUAK


Nardeaga kalea

Aramaioko Ibabe Kofradiak betebehar praktikoak ere burutu ditu bere bizitza luzean eta Jaungoikoarenganako gurtzaz gain gizon-emakumeenganako aseguru gisako babesa eskaini du behin baino gehiagotan. Ondoko lerroetan horietako bat ikusiko dugu. 

1699an oso urte txarra izan bide zen baserritarrentzat eta, oro har, aramaioar guztientzat. Ez zegoen garirik eta gosetia hurbil ari zen bere hatzaparrak erakusten. Gertatu zen, Kofradiak diru multzo bat jaso zuela Ameriketan hildako herritar batengandik. Hain zuzen ere, Juan Ubao Salesan genuen Ibabeko Andra Mariarenganako eskuzabaltasuna erakutsi zuena. Ubao Salesan 1656an jaio zen Aramaion – nahiz eta testamentuan Bizkaiko Arrazola jartzen zuen, ziurrenik aita Atxondokoa zuelako. 

Sauzedillako Konde Jeneralaren aginduetara jarri zen Sevillan eta Kolonbiako Indietako Cartagenera joan zen. Panamako San Felipe de Portobelo hirian hil zen, 1697an. Eta bere testamentuan utzi zuen agindua, Aramaioko eliza eta Ibabeko Andra Marirako ondasun batzuk uztea. “Ibabeko Andra Mari Kofradia” nire liburuan aipatu nuen Ameriketatik Ubao kapitainaren erabakiz Aramaiora heldutako lanparararen inguruko auzia. Baina oraingo hau berria da. Irakur dezagun: 

1699-06-07ko akta
“En siete de junio de mil seiscientos noventa y nueve años, en la sala del santo Ospital de este Valle de Aramayona, los señores don Juan Blas de Garay Alcalde y Juez Ordinario de este dicho Valle, Antonio de Aguirre Mendia, Tomás de Zabala Regidores, Zeledón de Jauregui Arraburu Procurador General de Justicia y Regimiento… y otros muchos que por su prolijidad no se incorporan aquí. 

Ondasunen inbentarioa, Panaman
En esta Junta propuso el dicho señor Alcalde que atento se ve el tiempo muy fatigado de falta y carestía de trigo y de dinero, y porque al presente este dicho Valle no se halla con medios de buscar dinero, sino tan solamente se hallan doscientos ducados remitidos por el Capitán Don Juan de Ubao para la obra de Nuestra Señora de la Concepción de Ibabe. Los capitales de ella dieron poder y facultad a los señores Justicia y Regimiento para que reciban la dicha cantidad y empleen en trigo, repartiendo al que traiga ese dinero de contado y entre vecinos y habitados se vaya juntando el procedido de dicha cantidad para el día de Nuestra Señora de septiembre primero venidero, para hacer la entrega de la dicha cantidad al Mayordomo que es o fuese de la dicha ermita, sin que haya más mora ni detención enteramente, y que para el efecto se dio poder en toda forma que el derecho dispone a dichos señores y así lo decretaron y firmaron junto con mí el escribano” 

Nola daiteke, Kofradiari dagokion gai bat Udalak bere onurarako erabiltzea - dieron poder y facultad a los señores Justicia y Regimiento para que reciban la dicha cantidad y empleen en trigo? Arrazoi bakar bat: Udal agintariak kaperadun edo hidalgoak genituen denak, eta Kofradia garai hartan “Nobles Hijosdalgos del Valle de Aramayona”koa zen. Batzuek eta besteak berdinak ziren. Dena den, badirudi normalean Kofradiak berak hartu beharko zuela Udalari mailegua egiteko erabakia. Baina ez noa duela hiru ehun eta hamasei urte ondoren ezer errebisatzera.

 IBABEKO ANDRA MARI KOFRADIAREN OHARRA

Kofradiaren historiari buruzko liburua salgai dago, Aramaio eta Arrasaten.





 

miércoles, 18 de noviembre de 2015

FELIX ARRIARAN, “ARRIARAN I”



Felix Arriaran

Arrasateko kirolak beste kide esanguratsu bat galdu berri du: Felix Arriaran Aranburu, Arriaran I. Arriarandarren sagako aurrena izanik, bide eman zien Joxe eta Pako bere anaiei, pilotan, eta Juanitori futbolean. Felix lankide izan nuen eta ordu luze eman genituen pilotaz eta kantuaz, bere beste afizioetako bat. Ondoren datozen komentariorik gehienak,  dena den, Pilotarien VII Batzarra 1992an Arrasaten egin zeneko  “Pilota” aldizkaritik atera dut. 

“Mutikotan baserrira joaten ginen, Mazpelara, eta bertan zegoen elizaren arkupeak aprobetxatuz, ormaren kontra ibiltzen ginen anaiok  eta hurbiltzen ziren guztiak. Garai hartan ez zegoen beste gauzarik. Pentsa, herriko Gurea frontoian jokatzeko arazoak sortzen ziren, beti okupaturik egoten zen eta, beraz, txanda hartu behar genuen;  lekurik ez zen eta itxoin behar genuen. Goizetik gauera arte zabalduta egon arren beti zebilen norbait jokatzen” 

Felix bere oroitzapen horiekin gerra denborako uneetara eramaten gaitu, 12 urte zituenekoetara. Anaia zaharra zen,  1921an jaioa, eta gurasoak Biktor eta Rosa izan zituen, oso ezagunak herrian Erdiko Kaleko ferreteria baten jabeak ziren eta. Txiki-txikitatik Gurea pilotalekua gustuko bere txoko bihurtu zuen bertan ordu asko eman baitzituen jo eta ke lagunekin eta geroago anaiekin ere. Garai hartan trinkete bat ere zen Arrasaten, Magdalena kaleko Okendo etxean. 

“Lagun arteko girotik atera 16 urterekin izan zen Eibarrera joan nintzenean, Bolinagarekin batera afizionatuen txapelketa bat jokatzera. Gero Donostiako Gros frontoian jokatu genuen, Mondragonés zenaren omenaldian, Bolinaga eta biok Txikito de Iraetaren anaiari eta Onaindiaren anaiari irabazi genien, errez. Bueno, hobeto esanda Bolinagak bakarrik irabazi zuen” 

Arriaran I
Hamasei urterekin, beraz, Felix izena ezaguna zen frontoietan. Zorte handia izan zuen Juan Bautista Azkarate “Mondragonés”-ekin egin ahal izan baitzituen entrenamenduak. Aste egunak izan arren, Gurea frontoia bete egiten zen ikusliarrekin eta giro aparta izan ohi zen. Felixek gogoratzen zuen hastapen haietan oin hutsik entrenatzen zirela, oin azpian kailuak egiteko. Alpargatak, bestalde, garesti samarrak ziren eta ez zegoen alperrik gastatzerik. Eta horrela heldu zen pilotako profesional izatera. Bere hitzak dira: 

“Hamazortzi urte nituen eta nire lehen kontratua sinatu nuen. Urte guztian 30 partidu jokatzearen truke hamabost duro (75 pezeta) kobratuko nituen partidu bakoitzeko. Hori bai, bidaia nork berak ordaindu behar zuen eta Gasteizera joan etorria 4´90 pezeta izaten zen. Bidaia luzeagoa zenean komeriak egiten genituen etxera itzultzeko. Mungiara Bilbotik barrena egiten genuen. Logroñon edo Gasteizen gauez jokatzen genuenean ez ginen hotelera joaten: frontoian aulki batzuk uzten zizkiguten eta bertan egiten genuen lo, hurrengo goizeko trena hartu arte” 

Arriaran I, eskuinean; Joxe anaia ezkerrean, Zurdo, XX, Tadeo Azkarate, Bolinaga
Felixek Bergaran sinatu zuen bere lehen kontratua, Eibarko Bidarte, Bergarako Gabilondo, Gasteizko Alti eta Donostiako Dula enpresarioekin. Kontratu hark, jakina, ez zion ematen ohiko bere lana uzteko. Hamalau urterekin hasi zen lanean Unión Cerrajeran, eta Felixek esan ohi zuenez, fabrikan irabazten zuen diruarekin finantzatzen zuen pilotako afizioa, inoiz ez baitzuen ofiziotzat hartu. 

Arriaran I-k 32 urterekin utzi zuen pilota. Eskuko minak jota egoten zen eta horrek zaildu egiten zuen kirol ibilbidea. Ez zuen inoiz parterik hartu lehiaketa ofizialetan baina harrotasunez esan ohi zuen berak ez zuela – beste batzuek bezala- frontoitik inoiz hanka egin behar izan, tongoaren hurreneko usaina zela eta. Pilota kontratuan “fabril” ipintzen zuen eta egia esan fabrikako zuzendariek baimena ematen zioten partiduak jokatzera joateko, nahiz eta lan orduetan izan.Anekdoten artean oroitzen zuen Felixek: 

Gasteizen soldaduskan nengoen eta prestatzeko esan zidaten, partidu bat jokatu behar nuela. Taxi batean sartu ninduten eta Forondara joan ginen. Finka batera heldu eta bertako frontoian berotzen ari ginela sei bat lagun etorri ziren, denak elegante, emakumeak ere dotore. Atzeko aldean eseri ziren eta haientzako bakarrik jokatu genuen. Ikusle haietako bat Francoren koinatua zen, Serrano Suñer. Agindu ziguten inori ez geniola azaldu behar partidua izan zenik. Partidua irabazi nuen. Eta sobre bat eman zidaten: 250 pezeta. Sari izugarria!” 

Gurea frontoia, ikusliarrez beteta
Arriaran I-k inork baino hobeto ezagutzen zituen herriko Gurea frontoiaren nolakotasunak eta gustuko zuen bertan aritzea. Berak kontatzen zuen: 

“Hogei bat partidu ofizial jokatuko nuen Gurean. Larunbat gauetan antolatzen zituzten partiduak eta, noski, nik etxean jokatzea nahiago, frontoia ezagutzen nuelako eta  gure aurkakoak hobeak izan arren guri frontoian ez zigun inork irabazten. Frontoi hartan trukuak jakin behar ziren, kanpokoek beti sabaia jotzen zuten eta guk horrelakoak ederki ikasita genituen. Gurea frontoian ederrak egindakoak gara 

Ondo sartuta eraman zuen Felixek beti bera Arriaran I zeneko garai hura. Partiduen aurreko beroketa saio bitxiak – “txaketarekin ateratzen ginen berotzera, eta behin berotuta txaketa txapa azpian uzten genuen”- noizean behin enpresari egiten zizkioten tranpak, herri txikietan antolatzen ziren partiduak jokatzeko – behin Eskoriatzako jaietan Bolinaga eta biok hamabost duro eskatu genuen partidua jokatzeagatik. Aurrekonturik ez zegoenez, udalak batzar berezia egin zuen eskatzen genuen dirua onartzeko- eta abar. 

Felix Arriaran, Arriaran I, azaroaren 10ean hil zen, 91 urterekin, eta ezagutu genuenon baitan oroitzapen ederra utzi du. Hurrengo partidura arte, Felix!


Argazkiak: "Pilota", Josemari Velez de Mendizabal (Gurea frontoia)





 

miércoles, 11 de noviembre de 2015

MARKIEGI JOSTUNDEGIA: 75 URTE. BIDEOA



Jose Markiegi, 1990ean

Gaur beste efemeride bat ekarri nahi dut txoko honetara; hain zuzen ere, Markiegi jostundegiaren 75. urtemuga ospatzen ari da aurten eta aitzakia aprobetxatuz Jose Markiegiren irudia berreskuratu dut nire artxibotik. Idazkiño honen amaieran, Joserekin eta modako  beste hiru profesional arrasatearrekin Arrasate Telebistan 1990ean grabatu nuen saioa ipini dut ikusgai. 

Arrasatera iritsi berria
Gatozen, lehenik, Jose Markiegi gogoratzera. Angiozarren jaio zen 1913ko irailaren 16an. Eta Arrasaten hil zen 1991ko ekainaren 12an. Arrasatera ezkondu zen Dolores Areitiourtenarekin eta bikotearen Jorge semea da negozioarekin segitzen duena.
 
Angiozarretik Eibarrera aldatu zen Joseren ama  - maistra zena- lan toki berria armagintzako hirian eskuratu zuenean, eta berarekin sendi osoa joan zen. Baina 1940an Arrasatera iritsi zen Jose, jostun ofizioari aukera hobeak aurkituko zizkiolakoan. Eta horrela gertatu zen, 2015ean hirurogeita hamabost urte betetzen baititu Markiegi Jostundegiak, lehen establezimendua ireki zuen kale berdinean. 

Bere lehen laguntzaileekin
Orduko Toribio Agirre kalean ireki zuen lehen denda, egun Eslu ileapaindegia den tokian. Hantxe hasi ziren berarekin Maritxu Juldain eta Carmen Abarrategi “Ibarreta”. Oraingo tokira 1945ean aldatu zuen jostundegia eta Juan Jose Estevez gehitu zen langileen zerrendara. 

1965 inguruan
Goian adierazi dudan bezala, 1990ean “Zenbat buru hainbat aburu” telesaioa aurkezten nuen ATB katean, eta arrasatearrek janzteko zuten ohitura eta jokaerari eskaini nion atal bat. Jose eraman nuen estudiora, eta berarekin batera herriko beste hiru profesional: Marilu Lasagabaster, Espe Arregi eta Miren Agiriano.

 Jose Ramon semea eta saltzaile-bidaiari batekin, 1955ean
Lau jostunak izan nituen gonbidatuak, 1990eko maiatzaren 23an, eta hogeita bost urteren ondoren beraiei entzunda badirudi modak aldatu egin direla, baina funtsean – esango nuke- pertsona estiloek antzerakoak izaten jarraitzen dute. Nire iritzia da, jakina.
                Ikus bideoa: 

 

Argazkiak: Jorge Markiegi, JMVM