miércoles, 25 de mayo de 2016

BERNABE BEREZIBAR: EUSKARAREN LANGILEA

Arrasateko historia hurbileko euskaltzalerik sutsuenetarikoa izan genuen Bernabe Berezibar Lizarralde. Sutsu eta eragilea, euskal esparrua eremu idor zabala
Bernabe Berezibar
zeneko garaietan Berezibar izan baitzen behin eta berriz euskararen aldeko mugimenduetan aritu zena. Gehiengoaren utzikeriak jazarri zion urtetan eta lan isilean ihardun behar izan zuen, begi luze arriskutsuetatik kanpo geratzeko. Hogeita hamar urte baino gehiago eman dira Bernabe hil zenetik eta ondoko lerroak idaztera jarri naiz belaunaldi berriek, gutxienez, haren berri izan dezaten. Badakit ez dela kitatuko, inondik ere, gizon apal harekiko herriko euskalgintzaren zor morala, Bernabe Berezibarren izenak tokia ongi merezia baitu euskaltzale arrasatearren zerrendan.
 

San Bernabe egunean – ekainaren 11an-  jaio zen, 1912an Asube baserrian. Eta San Bernabe egunean hil zen,  1985ean. Aita arrasatearra eta ama antzuolatarra zituen. Lehen ikasketak Arrasateko eskola zaharrean eman zituen baina, garaiko estiloari jarraiki aurki hartu zuen komenturako bidea. Bernabe kaputxinoek eraman zuten Altsasura eta hango nobiziotegian ikasi zuen, harik eta Lekarozera aldatu arte. Baina, hainbatetan bezala, Bernabe ez bide zen jaio bizitza erlijiosorako eta Arrasatera itzuli zen. 

Fraide izateko ikasten ari zen bitartean gertatu zitzaioneuskara ia-ia ahazteraino eraman zuela. Horretan ez zen orijinala izan, urte batzuk lehenago gauza berdina jazo baitzitzaion Juan Arana “Loramendi”ri, Altsasuko komentuan bertan. Bertako diziplinak eta fraideen euskararekiko gutxiespenak modu negatiboan eragin bide zuten Berezibar gaztearen berezko hizkuntzan. Eta “Loramendi”ri bezala, behin ama joan zitzaion Bernaberi Altsasura  bisitan … eta ia-ia ez ziren elkar ulertzeko gai izan. Botoak egin ei zituen egun hartan Bernabek euskara berreskuratuko zuela. Eta bete egin zuen promesa. 

Komentua utzita, Arrasaten lanean hasi zen, lehenik Iberdueroko bulegoan eta handik gutxira Unión Cerrajeran. Bertan jubilatu zen, 1976an. Maria Basilisa Uriarte Murgiondo ozetarrarekin ezkondu zen 1945ean eta hiru seme-alaba izan zituen bikoteak: Maria Jesus, Juan Luis eta Balendin. Sendia San Josepe ondoko Ibai Alde etxean bizi izan zen. 

Emazteak denda txiki bat zeukan Erdiko Kalean eta Bernabek aprobetxatu zuen dendaren atzealdea euskarazko klaseak emateko. Berrogeita hamarrenetako azken urteak ziren. Arriskutsuak, toki askotatik, batez ere abertzale nazionalista bezala fitxatua zegoen pertsonarentzat.

Hastapen apalak izan zituen irakaskintzan eta Berezibarrek berak prestatu behar izan zituen apunteak ikasleei irakasteko. Liburuen artean, gehien bat, gerra aurreko argitalpenak ziren, batez ere Ixaka Lopez Mendizabalenak.

Frantziskotarren iristearekin, 1955ean, Berezibarrek klaseak emateko lekua aldatu zuen eta Aita Demetrio Garmendia euskaltzale berrobitarrarekin batera eskaintza zabalagoa egin zen San Frantzisko komentuko geletatik. Zeruko Argia erabiltzen zuten irakurgaiak hautatzeko. Orduantxe -1965- sortu zuen Jon Oñatibiak bere Irrati Metodoa eta Bernabe ahalegindu zen metodologia berritzailearekin aurrera egiten. Hiru urte geroago, 1968, Danok Elkartea jaio zen eta euskararen eskaintza Gau Eskolara igaro zen, gehien bat. Han ere aritu zen Bernabe, poliki-poliki prestatzen ari ziren beste irakasle batzuekin batera. 

“Loramendi” idazlearen omenezko ekitaldian -1959ko
Ezkerrean Bernabe, Arestirekin, Bedoñan 1959an
irailaren 20an- esku zuzena hartu zuen Berezibarrek antolakuntza lanetan.
Omenaldi hartan, milaka euskaltzaleren aurrean, Antonio Arrue euskaltzainak hitzaldia egin zuen eta Basarri eta Lizaso bertsolariek ere parte hartu zuten. Egunerako ireki zen elerti norgehiagoketan, bestalde, Gabriel Aresti bere “Maldan behera” olerkiarekin suertatu zen garaile, Bitoriano Gandiagaren aurretik.

 
Bestalde, euskararen gaineko grinak mugitzen zituen hainbat euskaltzale ezagutu zituen Bernabek.  Klaseez gain, Bernaberen andrearen denda atzealde txiki hartan jasotzen zituen euskararekin konprometituta zebiltzanen bisitak. Eta guztietatik gehien atsegin zituenak Juan San Martin euskaltzainarenak ziren. San Martinekin adiskidetasun estua egitera heldu zen eta eibartarrak bideratu zuen arrasatearra euskalgintzaren goragoko dimentsiotara. 

 Arantzazuko taldekide batzuk
San Martinen eskutik, Bernabe Berezibarrek parte hartu zuen 1968an Euskaltzaindiak antolatutako Arantzazuko Batzarrean, euskararen hizkuntza-normalizazioko bidean irekitako lan jardunetan. Berrogei bat euskaltzalek , Koldo Mitxelenaren gidaritzapean, lehen urratsak eman zituzten, ordudanik euskara batua deitua izan den hizkuntza idatziaren zutabe nagusia eraikitzeko. 

Juan San Martin
Anaitasuna aldizkariak 1970ean “Batasunaren Kutxa” tituluko liburua kaleratu zuen. Bilera bat izan zen urte hartako abuztuan Eibarren eta beste bi arrasatearrekin batera – Xabier Zubizarreta eta Eduardo Larreategi- Bernabe Berezibar daukagu liburu hari babesa eman ziotenetakoa. Mitxelena, Aresti,Torrealdai, Lizundia, San Martin, Txillardegi eta gisa horretako euskalariak agertzen dira zerrenda hartan. 

Aipatu dut Zeruko Argia aldizkaria, Bernabek irakurgai aproposak hautatzeko erabiltzen zuena. Astekariaz bere iritziak eta herriko albisteak plazaratzeko ere baliatu zen gure gaurko protagonista eta bere artikuluak eskaini zituen maiz, 1973ra arte. Zerabilen gaitzizena “Asubeko” genuen. Inork gutxik zekien Arrasaten nor ezkutatzen zen izenorde haren atzean. Handik urtebetera hartu nion nik erreleboa Zeruko Argian, modu berdintsuan katakunbetetatik aritzeko.

Begiluze salatarien arriskuari aurre egin behar izan zion beti Berezibarrek eta guztietan ez zen ondo atera. Euskal Jaia ospatu zen lehen aldiz 1964an eta istilu batzuk izan zirelako aitzakiarekin gobernadore zibilak isun ekonomikoa jarri zion Bernaberi: 5.000 pezeta. Errekurritu zuen arren, hileko soldata baino altuagoa zen diru kopuru hura ordaindu behar izan zuen, zintzo-zintzo. 

Bernabe Berezibar 1985eko ekainaren 11an hil zen. San Bernabe eguna genuen. Gorputz osoko euskaltzale arrasatearraren bizia itzali zen,  73 urte betetzen zituen egun hartan.



Argazkiak: JMVM

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada