miércoles, 18 de mayo de 2016

LA CONDESITA



Monterron atzealdea, grabatua. 1930

Galdetzen zidaten lehengoan ba ote nekien ezer “La condesita”, Monterron kondeen alabaz. Ez naiz aristokrazian aditu baina nire apunteetan baditut datu batzuk harekin erlazionatuta eta, beraz, honatx emakume haren zenbait zertzelada. 

Arrasaten ezagun egin ziren azken kondeen alaba nagusiari esaten genion “La condesita” iragan mendeko berrogeitamarretan. Konde horiek izan ziren 1983an Arrasateko Udalari jauregia saldu ziotenak. Haiek ziren, Maria Rosario Aranguren Palacio arrasatearra– kondesa- eta Miguel Alejandro Fernández-Rivera Gómez kubatarra, kontsortea. Alaba nagusia, beraz,  Ana María Fernández-Rivera Aranguren genuen, Madrilen jaioa 1950eko martxoaren 10ean.  

Arrasaten ematen zituen udako oporretatik aparte Ana Maria gazteak ez zuen beste harremanik izan herriarekin. Baina Monterron jauregia erabili zuen sendiak neskatilaren lehen jaun hartzea egiteko eta baita ezkontzako zeremonia ere ospatzeko.

Ondoko argazki batean ikus daiteke jaun hartzeko egunaren une bat. Balkoian agertuta, gonbidatuek lagun, neskatilak bere oinetan zituen herriko umeteriari goxokiak jaurtitzen dizkio, gonbidatuen algara eta txaloen artean. Hori 1957ko abuztuaren 27an gertatu zen, Zarugalde kaleko jai egunean, San Agustin, alegia. 


Jaun hartzea, 57-08-27
Aita Santuaren eta Monterron etxeko kaperaua zen Fidel Herrero gotzainak eman zuen meza eta herriko frantziskotarren tipleek zenbait motete kantatu zituzten. Zeremonia amaitzean lorategian bazkaria zerbitzatu zen, Urizar jatetxeak atondua. Bazkarian zehar udal txistulariek pieza batzuk interpretatu zituzten. Bazkalondokoetan, Gasteizko Txirinbil euskal dantza taldeak saio bat eskaini zien bertaratutakoei. 

Arrasatera egun hartan espresuki iritsitako markes, konde, eta abar luzeaz gain, zenbait herritar ere izan ziren gonbidatuta, besteak beste, Mariano Briones medikua, Jose Maria Marco Garmendia notarioa, Santiago Bastida alkate ohia eta Jose Añibarro UCEMeko idazkari nagusia. 

Jauzi luze bat egin behar dugu “La condesita”ren gaineko albiste gehiago aurkitzeko. Eta hori 1976ko ekainaren 5ean izan zen. Egun hartan kondeen alaba Alberto Adrian Alejo Sierra kubatarrarekin ezkondu zen Monterron jauregiko kaperan. Senargaia Ameriketako Estatu Batuen Floridan bizi zen, Tanpan hain zuzen. Justo Perez de Urbel, Valle de los Caidoseko abate eta Francoren gorteetako prokuradoreak zuzendu zuen zeremonia. Gizarte-oihartzunetako kronikek diotenez: 

“La novia lucía bonito vestido de organza natural y en el tocado velo de encaje antiguo sujeto por valiosa corona condal de perlas, rubies y esmeraldas. Se adornaba con “pendentil” regalo de Felipe IV a sus antepasados, cuando estuvo de paso en Mondragón en 1648, con motivo de la boda de la infanta doña Maria Teresa con Luis XIV de Francia” 

Arrasateko ezkontza baino egun batzuk lehenago, kondeek errezepzio bat eman zuten Madrileko euren egoitzan, bost ehun bat gonbidaturekin. 


La Condesitaren eskela
Ezkonberriak AEBetara joan ziren bizitzera. Tanpan ipini zuten euren etxea. 
Zoritxarrez, 1977ko maitzaren 18an Ana Maria hil egin zen Tampan bertan, auto istripu batez. Hogeita zazpi urte zituen. 

Monterron konterriaren oinordekoa zenez gero, titulua Blanca ahizpa gazteari egokitu zitzaion. Horixe, labur bilduta, Ana María Fernández-Rivera Aranguren “La condesita”ren bizitza ibilbidearen zatitxo bat, Arrasaterekin lotua.


Argazkiak: JMVM










 

No hay comentarios:

Publicar un comentario