miércoles, 5 de abril de 2017

HEZIKETA ESKAINTZA, ARRASATEN XIX eta XXean (2tik lehena)

Aritu izan naiz lehenago, Arrasatera iritsitako kongregazio erlijiosoen ikastetxeei buruz. Gaurkoan gaiarekin jarraitu nahi dut eta ezagutarazi nahi dut kongregazio berri baten nondik norakoa. 


GURE ANDREAREN JASOKUNDEKO DAMAK / DAMAS DE LA ASUNCION DE NUESTRA SEÑORA

Maria Bartolome, sortzailea
Maria Bartolomé Errazuk sortu zuen Burgosen, 1927ko abuztuaren 27an kongregazio hau, gazteriaren kristau hezkuntza bultzatzeko. Sortze prozesu hartan Bartolomék Jose Ignazio Aranburu jesuitaren laguntza izan zuen. Eta badirudi Konpainiarekiko harremanak estuak izan zirela. Behintzat, “Assumpta” aldizkarian maiz ikusten dira jesuiten esku hartze literarioak.


Arrasate Pasealekuko ikastetxea
Eta Jasokundeko kideak XXko hirugarren hamarkadaren hasieran agertu ziren herrira, hain zuzen Jose Joakin Arin erretorearen bitartez. Burgosetik zetozen, kongregazioa artean Erromak ofizialki ezagutu gabe zela, eta lehenik pare bat urtez Abade Etxean bizi izan ziren, Arrasate Pasealekura igaro aurretik. Erromako ofizialtasuna jaso bitartean, mojei “andereño” esaten zitzaien. “Jose Luis Iñarra. Gure parrokua”  liburuan idatzi nuen:

“Etorkizunari begira gazteriaren formazioan zer egin handia zuela konbentzituta, herriko moja eta fraileekiko harremanak estutu zituen erretoreak.

Irakaslegoa, XX.eko berrogeietan
Jasokundeko mojak ordurako Arrasate Pasealekuan zuten kokatua euren ikastetxea eta fundatzailea bera zen ikastetxeko nagusia, Maria Bartolome izenekoa. Erretoreak maiz bisitatzen zuen ikastetxea, neskatilekin ikasgeletan esertzen zelarik, emakume erlijioso haren berba egiteko modua atsegin zuen eta. Jasokundeko kongregazioa 1948ko urriaren 26an ofizializatu zuen Erromak eta harrez geroztik “Jasokundeko damak” izatera pasatu ziren ordurarteko
“andereñoak”

Ikasle talde bat, 1947an
Ikastetxean batxilergoa ikasten zen, modu ez errekonozituan burutua, azterketak Gasteizko Institutuan egin baitziren, hirurogeiak ondo sartuak arte. Batxilerraz gain, musikako karrera ere egin zitekeen, magisteritza eta kultura orokor graduatua. Ikastaro bereziak izan ohi ziren, besteak beste, mekanografia, takigrafia eta kontabilitatea. Ikasleen asistentzia erregimenari zegokionez, bazen barnetegia eta jangela, bertan bazkaltzera geratzen zirenentzat.

Berriki irakurri ahal izan dudanez, XX. mendearen bukaeran (1991) bederatzi mojak osatzen zuten kongregazioa. Beraz, pentsatzekoa da, egun desagertua egotea. Urte hartan bertan igaro zen ikastetxearen titularitatea, kongregaziotik San Viator ikastolara.

Ikasle ohi batzuk
Jasokundeko Damen ikastetxea (bada garaia esateko, “labezomorro”en ikastetxea) oso ikastetxe dotore eta, 1930-65 tartean, oso heziketa zabal, jori eta – esango nuke- baliotsua eskaini zuena izan zen. Badakigu lehia izan zela mesedeetako eta asuncionista mojen artean. Batzuetan nahiko lehia hertsia, horrek adierazten zuen guztiarekin: kleroaren bitartekotza balizko istiluak ekiditeko, udal aurrekontu murritzetarako nahi aseezina eta abar.

Argazkiak: Pilar Arzamendi

ARRASATEKO IKASTETXEEI BURUZ, GEHIAGO














No hay comentarios:

Publicar un comentario