maiatza 03, 2017

ARRASATEKO PARROKIAREN KANPAIAK (2tik lehena)



Arrasateko elizdorrea

Kanpaiek hiritarron bizimodua arautu dutela esan ohi da. Nik ez dakit horrenbesterakoa den, baina zalantzarik gabe kanpaiak gure bizitzaren zati garrantzitsua izan dira, arlo erlijiosoan ez ezik baita zibilean ere.

Elizetako kanpaiek herrien martxa markatu dute mendetan. Elizak eurak bezain zaharrak ditugu. Kanpaiek aintza, iluntasuna, heriotza, alaitasuna, garaipena, … sua, ekaitza, arriskua … adierazi dute. Eta hiritarron bihotzen taupadak kanpaien danbadekin joan dira egokitzen, gau eta egunez. 

Arrasateko –Mondragoeko- historian aurki agertzen zaizkigu kanpaiak. 1448ko erreketa handian, orduko kronikek diotenez, elizako kanpaia ere erre zen (gehiegi, ezta?) Eta 
Jose Mari Urangaren eskema
udal zein eliza-artxiboetan maiz azaltzen dira kanpaiei buruzko apunteak. Normala, guztiz. XVI. mendekoa da elizako dorrea eta kanpaiak bertan kokatu ziren. Zortzi izan dira: bat Gazteluondora,  hiru Iturriotz kalera, bi plazara eta bi Artekalera. Azken hauek finkoak dira eta gainerakoak iraulketakoak.
 

Jose Mari Uranga historialariak idatzita utzi zuenez, finkoak  ditugu handienak -1850 eta 1590 milimetroko diametrorekin- eta zaharrenak bide dira. Urangak 1530 urtekoak zirela dio baina Arantza Cuesta arte historialariaren
Finkoetako handiena
ustez 1615 ingurukoak izan daitezke eta  gehitzen du: “lurralde hartako handienak dira”. Ez da ezagutzen non egin ziren. Finkoek bina barne eta bana kanpo-mihi dituzte.

Finkoetatik, erlojuaren ondoan dagoena da behe-soinurik sendoenekoa eta sua, uholdeak, heriotzak eta albiste ilunak adierazteko erabiltzen zen. Arrasatearron artean “su kanpaia” esaten zitzaion. Ondoko beste finkoak, berriz, apur bat finagoa, eguneko hiru Angelusak, biatikoak eta beste iragartzeko balio zuen. 

Iraulketakoen artean, berriz, Gazteluondora ematen duena 1942koa da, zazpi bat urte lehenago printzatu zen handiago beste baten materialarekin Gasteizko “Vda. de Murua” enpresan birgaldatua.  San Juan izena darama eta 800 milimetrokoa da. Iturriotzeko hiruak 1833koak ditugu, “Lastra” enpresan galdatuta. Antxon Agirre Sorondoren “Campanas y campaneros de Gipuzkoa” lanean irakurtzen denez, Lastra kanpaigile bat Aramaiokoa zen XVIII. mendean. Hiru horien legendak honakoak dira: San Francisco eta Jesus, Maria y José bitan. Erdikoari “ezkila makurra” izenarekin ezagutzen zioten hiritarrok. Plazara daramatenak beste bi dira, Lastrak (1833) eta Muruak (1910) galdatuta. Lastrarena –Plaza/Iturriotz aldera dagoena- handiena da iraulketakoei dagokienez, 960 milimetrorekin. Muruarenari “Salbekoa"  esaten zitzaion. San Vicente ruega por nosotros eta San Juan Bautista dira idatzita dituzten legendak.


Elektrifikatu aurretik, kanpaiak kanpai-joleak
mugitzen zituen. Finkoei dagokienez, kanpaien mihietara lotuta zeuden sokak jaisten ziren eliza-atarteraino, gehienok gogoratzen dugun txoko itxi bateraino. Iraulketakoei berriz kanpai-joleak eragiten zien bertatik bertara, funtzio bakoitzak eskatzen zuen erritmoa aplikatuz. Eta zeintzuk ziren funtzio horiek? 

Eguraldia: Urangak dioenez, izan zen garai bat Donostiako Igeldoko Behatokitik egunero telegrama bat bidaltzen zutela, biharamunerako iragarrita zegoen eguraldiaren berri emanez. Eta horren arabera, danbada desberdinen bitartez, hiritarrei abisatzen zitzaien eguraldiaz. Abisuak ospea galtzen joan bide ziren errakuntza kopuru handiarengatik eta inork gutxik eskaintzen zien arreta zerbitzuari. Horrela, desagertu egin zen.

Suteak: “Kanpantorpe”tik bigarren finkoari eragiten zitzaion, indarrez, suteren baten berri iristen zen bezain laster. 

San Kristobal baselizako kanpandorretxoa
Ekaitzak: San Kristobal baselizako kanpaiak abisua ematen zuen handik goitik, oreixaren arriskuaz jabetzen ziren bezain laster. Eta erantzun bezala, elkarren ondoko “ezkila makurra” eta “San Francisco” kanpaien errepikei heltzen zitzaien. Errepikea entzuten zuen abade batek “kanpantorpe”ra hurbiltzen zen eta bertatik otoitz bat egiten zuen konjuru moduan, ekaitzaren urrunketa eskatuz. 

Letxuga kanpaiak: Izan zen garai bat arrasatearron udako eguerdietako erritmoa letxuga-kanpaia izenekoaren tokeak markatzen zuela. Langileak  fabrikatik ateratzear zeudenean elizako dorretik danbada berezia jotzen zen, etxeko andreek jakin zezaten gizakumeak handik gutxira mahaian eserita edukiko zituztela, eta otordu azkar eta, normalean, arin baten ondoren ostera lantegiko bidean jarriko zirela. Hura entzunda, garbitoki publikoan azken harrikoa atera ezinik jardungo zuten andreak ziztu bizian abiatzen ziren etxerantz, lapikoa sutan berotzen jartzera edo letxuga entsalada prestatzera. 

Maiatzaren 3tik irailaren 14 bitartean, eguerdiko 12etan jotzen zen toke hori, Angelusen ondoren, hiru serie nahasietako mihiaren eskuko errepikearekin, kanpai guztiekin. Urangak aipatzen ditu bi anaia, artista bezala modalitate honetan: Eugenio eta Migel Gorosabel.

Argazkiak: Arantza Cuesta, JMVM, Jose Mari Uranga

Gai honen bigarren zatia:

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina